2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaPatronalaren blokeoaren aurrean ekimen berriak iragarri ditu LABek

Patronalaren blokeoaren aurrean ekimen berriak iragarri ditu LABek

Negoziazio Kolektiboaren defentsan borrokan jarraitzen du LAB sindikatuak. Gaur, LABeko Metalgintzako arduradunak, sektoreko delegatuekin batera, prentsaurrekoa eskaini dute EAEko metalgintzako egungo egoera azaldu eta hemendik aurrera sindikatuak metalgintzako hitzarmenaren defentsan martxan jarriko dituen ekimenen berri emateko.

LAB sindikatuak EAEko metalgintzaren egungo argazkia eta hemendik aurrera sindikatuak hartuko duen bidea plazaratzeko prentsaurrekoa eskaini du Bilboko egoitzan. Agerraldiak Metalgintza sektoreko arduradunak eta sektoreko enpresa ezberdinetako delegatuek hartu dute parte (CIE Udalbide, Amaya, Telleria, Camelot, La Magdalena, Tenneco, Estampaciones Vizcaya, Hierroz Riezu, Bruss, MFS, Nemak, Pine).

LABek egun EAEko metalgintzako 100.000 langile baino gehiagok sektoreko hitzarmena berritu gabe jarraitzen dutela salatu eta "aurrerantzean eskubideak eta etorkizun arautua izango duten, edo bestela, CONFEBASKen asmoa betez, lan harremanen indibidualizazioa ezarriko den" dagoela jokoan adierazi du. CONFEBASKek lan eskubideen galera besterik ez duela bilatzen esan du sindikatuak eta honen aurrean eta patronalaren blokeoaren aurrean mobilizatzen jarraituko duela adierazi du.

Bide honetan, gaurtik aurrera martxan jarriko dituen ekimen ezberdinen berri eman du eta gainontzeko sindikatuei sektoreko hitzarmenen defentsan era aktibo baten lan egitera eta enpresa eremuaren azpitik ez negoziatzera dei egin die.

GURE INDUSTRIAREN DEFENTSAN,
METALGINTZAKO HITZARMENAK ORAIN!
Metalgintza sektoreko LABen irakurketa eta hemendik aurrerako ekimenak

EAEko metalgintzako 100.000 langile baino gehiagok sektoreko hitzarmena berritu gabe jarraitzen dute. Jokoan dago beraz, aurrerantzean eskubideak eta etorkizun arautua izango duten, edo bestela, CONFEBASKen asmoa betez, lan harremanen indibidualizazioa ezarriko den.

CONFEBASK modu orokorrean baina bereziki industriaren alorrean negoziazio kolektiboa blokeatzen ari da, eta zehazki, gure ekonomiaren oinarria eta motorra den metalgintzaren alorrean.

CONFEBASKek lan eskubideen galera ekarriko duten hitzarmenak soilik nahi ditu. Sektorean lortu ez duenez, orain enpresetan lortu nahi du.

Ezin dugu baimendu. LABek ez du utziko. LAB, egun, blokeo honi aurre egiten ari zaio mobilizazio eta ekimen ugarien bidez.

Dinamika hauen barruan kokatzen da, gaur, maiatzak 9, LABek EAEko metalgintzako hitzarmenak berritzeko berretsi duen proposamena Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK).

Bere edukia gogoratu nahi dugu: Indarraldia 2015eko abenduaren 31 arte, KPIaren gaineko soldata igoera, 36 hilabeteetako ultraktibitatea, adostutakoa enpresak aldebakarrez ez betetzeko klausula, gainontzeko lan baldintzak mantenduz.

Proposamen honek CONFEBASKek egiten duen blokeoari aurre egiteko tresna bat gehiago izan nahi du. Sektoreko langile guztien eskubideen defentsan egiten den beste urrats bat da.

Proposamena hau aurkeztuz, CONFEBASKek metaleko hitzarmenak nahi ote dituen edo sektorea desarautzearen aldeko apustua egin duen utzi nahi dugu agerian.

Uztailaren 7tik igaro den denborak LABek defendatu duen eta gaur, LHKan berretsi egin duen proposamena erabat gauzagarria zela eta dela utzi du agerian, beti ere, gutxieneko borondatea balego.

Zergatik da proposamen hau bideragarria?:

1.- Uztailaren 7az geroztik hemen jasotzen den proposamen bera beste sektoreetan adostu duelako CONFEBASK berak. (Gipuzkoako Papergintzan, Merkataritza orokorran eta Elikagaien Merkataritzan edota Bizkaiko Merkataritzan eta Elikagaien Industrian, besteak beste).

2.- Sektoreko enpresa askotan eduki bera, baita hobeak ere, sinatu direlako. CONFEBASKen oso ordezkari adierazgarriek eurek ere sinatu sinatu dituzte, besteak beste, FVEMeko lehendakariordea den Jose Javier Arteche Zubizarretak eta Adegiko presidentea den Peio Gibelaldek.

3.- 2013. urteko KPIa %0,3koa izan da. Beraz, ez da egia enpresek KPIaren erreferentziari lotutako soldata igoerak egin ezin dituztenik, are gutxiago soldata igoera horiek enpresen bideragarritasuna zalantzan jarriko dutenik.

Beraz, KPIaren erreferentziarekin hitzarmenak ez berritzeko erabakia patronalaren erabaki politikoa da. Epe luzeko ikuspegiarekin soldatak murrizteko estrategia bat da, ez ordea, egungo krisialdi-uneari erantzuten diona.

2013ko ekainean, CONFEBASKek (FVEM, ADEGI, SEA) erabaki zuen hiru herrialdeko negoziazioak etetea, negoziazio mahaietatik alde eginez eta negoziazioak amaitutzat joz.

Beraz, CONFEBASK berak metalgintza alorreko langile guztiei azaldu beharko die zergatik beste sektoreetan sinatzen ari dena ez den posible sektore honetan.

LABek egin duen bezala, modu argi, publiko eta ofizialean, haiek ere azal dezatela euren proposamena. Negoziazioak apurtu zituztenek eta egun epaiak errespetatzen ez dituztenek negoziatzeko borondaterik duten erakutsi behar dute. Bitartean, LABek ez du parte hartuko antzerki batean.

Halaber, LABek ez du etsiko. Metalgintzako hitzarmenen alde borrokatzen jarraituko dugu, proposamenekin zein mobilizazioekin.

CONFEBASKek egiten duen blokeoaren aurrean, LABek ekimen hauek jarriko ditu martxan:

1.- Eusko Jaurlaritzari ezagutzera emango diogu. Ezin du bazter geratu. Zer egingo du proposamen honen aurrean? Sostengatuko dute ala akordiorik sinatu nahi ez duen patronala babesten jarraituko dute, metalgintzako sektorean, gure ekonomiaren oinarria den honetan, eta milaka langile lan-desarautze egoerara eramango dituzte? Zertan datza gure herriko langileei egiten dieten eskaintza?

2.- Enpresariekin biltzen hasiko gara gure jarrera modu zuzenean ezagutu dezaten. CONFEBASKen blokeoa gainditu beharra dago.

3.- Halako akordioak bultzatzen jarraituko dugu enpresa mailako negoziazioetan, eremu honetatik sektoreko hitzarmena babesteko eta gero eta nabarmenagoa gera dadin CONFEBASK bakarrik dagoela.

4.- Sektoreko hitzarmenen aldeko mobilizazioekin jarraituko dugu.

Azkenik, gainontzeko sindikatuei sektoreko hitzarmenak defendatzeko bi dei egiten dizkiegu:

– Hauek era aktibo batez defenditzera.
– Enpresa eremuan, honen azpitik ez negoziatzea.

Bilbon, 2014ko maiatzarean 9an

 

 

 


AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.