2024-11-22
HomeMaiatzaren Lehena 2014LABek milaka lagun bildu ditu Nafarroan aldaketa sozial eta politikoaren alde

LABek milaka lagun bildu ditu Nafarroan aldaketa sozial eta politikoaren alde

Aurten ere LABek Maiatzaren Leheneko mobilizazio sindikal handiena burutu du, Euskal Herria osoan 28 manifestazio eginez. Nafarroan 7250 lagunek parte hartu dute, Iruñean 5500, Tuteran 250, Tafallan 300, Lizarran 450, Irunberrin 150, Altsasun 300 eta Donezteben 300 izandako deialdietan.

Manifestazio nagusiena 12:00etan abiatu da Gaztelu Plazatik, beste horrenbeste borroka eremu ordezkatzen duten bost blokez osatuta: Zerbitzu pribatuak; Industria; Zerbitzu Publikoak; Gazte, langabe eta prekarioak; eta Pentsiodunak. Manifestazio amaierako ohiko mitinaren ordez, bloke bakoitzeko ordezkari banak hartu du hitza Gaztelu Plazako Kioskotik, eguneroko borroka sindikalaren garrantzia nabarmenduz. Manifestazioa txalapartaren doinuen artean sartu da Gaztelu Plazara eta jarraian txalapartari eta epaiketa politikoetan auziperatutako lagunek (tartean epai zai dauden gazte independentistak) jazarpenaren amaiera eta eskubide zibilen errespetua eskatu dute txalo artean.

Iruñeko martxa hasi aurretik, Nafarroako LABeko bozeramaileak “Euskal Herrian, Nafarroan, emergentzia sozialeko egoera” bizi dugula nabarmendu du, “Troikak idatzitako eta Espainiar eta Frantziar Gobernuek euskal langileriari inposatutako gidoiaren ondorioz”. Egoera honen aurrean, Igor Arroyok mezu baikorra zabaldu du “Nafarroan ideien bataila irabazi baitugu: gehiengo sozial batek erregimen ustelaren amaiera nahiz eredu ekonomiko eta sozial berri baten sorrera eskatzen du, gardentasunean, benetako demokrazian eta langileriaren beharretan oinarritutakoa. Elite ustelak Madrilen laguntza behar izan du, 82an Hobekuntzarekin bezala, nafar Herriaren borondatearen kontrako erabakia inposatzeko. Alabaina, gero eta oztopo handiagoak jarri, orduan eta indar handiagoa hartuko du aldaketaren aldeko uholde sozialak. Kolokan dago eskuin Espainiazalearen hegemonia Nafarroan; hegemonia berria aitzinarazteko garaia da, langileriarena”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.