2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakKomunikabideakLABek gezurtatu egiten du Eusko Irratiaren inguruan atzo egindako akordioak lanpostuak suntsitzen...

LABek gezurtatu egiten du Eusko Irratiaren inguruan atzo egindako akordioak lanpostuak suntsitzen dituenik

LABek atzoko EITBko Administrazio Kontseiluaren bileran Eusko Irratian sinatutako akordioren ondorioz ez dela lanpostu bat bera ere suntsitzen adierazi nahi du.

Akordioa honetan datza:

  • 49 lanpostuko OPE bat egitea, egun dauden gainerako lanpostuak lan poltsa bidez betetzen jarraituko dutelarik
  • 2016an zuzendaritzak eta langileen ordezkaritzak negoziatu eta adostu egingo dute plantilla estrukturala. Beraz, plantilla estrukturalaren negoziazioa behar den legez langileen ordezkaritzaren esku uzteaz gain, EITBko zuzendaritzari honen inguruko aldebakarreko erabakia hartzerik galarazi egiten dio.

Beraz, ez da lanposturik suntsitzen, 49 lanpostu jada finko egiten dira, eta azken 10 urteotan Eusko Irratian egon den egoera irregular eta injustua konpontze bidean jartzen da. Zein da egoera irregular hori? azken 10 urteotan lanpostu hauek betetzeko OPE prozesu batetik eratorritako lan poltsa bat bazegoen ere, Ortuzarrek lanpostuok autonomo ziren beste pertsona batzuekin bete zituen (kontratu merkantil bat egin zien), horiek izan dira azken 10 urte hauetan lanean egon direnak lan poltsakoen ordez. Lan Ikuskaritzak berak ere egoera hau irregularra zela ebatzi zuen.

Kontratazioen gardentasuna, elebitasunaren finkatzearen hasiera eta langileriaren egitura sindikatuekin negoziatzea bermatzen duen akordio sinatu da Eusko Irratian

Kontratazioa era objektibo eta gardenaz egingo da
Gogoratu beharra dago bidegabekeria guztia Andoni Ortuzar EITBko Zuzendari Nagusia zenean sortu zela. Eusko Irratian aurrekontu langileria gainditzen zela eta, behin behineko lan kontratua zuten 126 langileri autonomo gisa kontratatzea erabaki zela. 2008an Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzak Radio Euskadin iruzurra antzeman eta langile hauei berriro lan kontratua egitera derrigortu zuela EITB. Iruzurra dela medio, kontratu guztiak “mugagabe ez finko” izan behar ziren halabeharrez. Kontutan eduki beharra dago legez enpresa publiko batean lanpostu finkoa eskuratzeko berdintasun, gaitasun, merezimendu eta publizitatearen lau printzipioak bete behar direla, eta kasu honetan legearen atal horrekin ados gaude. Beraz, kontratu hauek guztiak behin-behinekoak izan dira beti, eta egun 79 pertsona daude egoera horretan.

Akordioaren arabera, aipatu lau printzipioak bermatuko dira, orain arte ez bezala. Lan poltsa objektiboak ezin izan du funtzionatu hain zuzen kontratazio hau zegoelako eginda. Behin behineko langileak kontratatzeko garaian lan poltsa berraktibatu egingo da, jada era praktiko batean.

Irrati guztietan elebitasuna finkatzen hasiko da
Orain arte Radio Euskadin eta Gasteiz Irratian lanpostua eskuratzeko baldintzetan ez zen euskararen ezagutza eskatzen. 2008ko lan hitzarmenaren akordioan Euskara Plana abiatzea onartu zen, eta iaz sinatzea lortu genuen langileon ordezkariok eta zuzendaritzak. Gaurko akordioaren arabera, bai lanpostu finkoa zein lan poltsan egoteko euskararen ezagutza ezinbestekoa izango da, eta aurrerapauso garrantzitsua da. 2014 urtean oraindik ere euskal komunikabide publiko batean eskakizun hori ez egotea ulergaitza da.

Irratiaren egiturako langileria sindikatuekin negoziatzea bermatzen da
2014ko aurrekontuetan EITB talde osoaren batez besteko langileriatik 39 lanpostu murriztea aurreikusten zen. Administrazio Kontseiluak atzera bota bazituen ere, Zuzendaritzak Jaurlaritzara igorri zituen, eta Gasteizko Parlamentuan onartuak izan ziren. Ez dira 79 lanpostu desagertzen, 49 finko bihurtzen dira, eta kontratazio ebentuala egiten jarraituko da. Akordioaren bitartez Eusko Irratian 49 lanpostu finko sortzen badira ere, garrantzitsuena hau da: Zuzendaritzak konpromisoa hartzen duela prozesuaren amaieran, 2016an, langileen ordezkariekin egiturako langileria berria negoziatu eta adosteko.

LABek akordio hau borroka orokorrago batean kokatzen du, enplegu publikoaren defentsan modu koherente eta arduratsuan. Akordio ezak egoera bidegabea betikotzea suposa dezake, lanpostu murrizketekin eta aipatutako lorpenak gabe. EITBNETen egituraren negoziazioa aurrera doa, eta emaitzak bere isla edukiko du bai ala bai aurrekontu langilerian. Baita ETBn ere, non hitzarmenaren negoziazioaren gako nagusia egiturako langilerian kokatu dugun hain zuzen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.