2024-11-22
HomeMaiatzaren Lehena 2014LAB aldaketa sozial eta politikoaren alde mobilizatuko da Nafarroan

LAB aldaketa sozial eta politikoaren alde mobilizatuko da Nafarroan

Zazpi manifestazio antolatu dira Nafarroan; Iruñea, Tutera, Tafalla, Lizarra, Irunberri, Altsasu eta Donezteben. Manifestazio nagusiena 12:00etan hasiko da Gaztelu Plazan eta bost bloke izango ditu: Zerbitzu pribatuak; Industria; Zerbitzu Publikoak; Gazte, langabe eta prekarioak; eta Pentsiodunak.

Gero eta nafar langile gehiagok bat datoz eredu politiko eta ekonomikoaren aldaketaren aldarriarekin. Izan ere, otsailaren 22ko ustelkeriaren kontrako eta berrikuntza demokratikoaren aldeko manifestazio historikoan parte hartu zuten 35.000 lagunetatik gehienak langileak ziren. Ez da kasualitatearen ondorio: denok ala denok badakigu Nafarroa hezur eta azal uzteraino jetzi duen elite ustela geure lanaren kontura aberasten egon dela. Gaur inoiz baino egi borobilagoa da: ez da ondasunik falta, lapurrak dira soberan.

Maiatzaren Lehenekoa aldaketaren ateak irekitzen ari diren borroka txiki eta handiak aldarrikatzeko hitzordua da. Lan erreformaren aplikazioari galga jarri, kaleratzeei hortzak erakutsi, prekarietatea borrokatu nahiz mutua patronalen zanpaketari aurre egiten dion ekintza sindikala aldarrikatzeko hitzordua; etxebizitza, osasungintza publikoa, hezkuntza askatzailea nahiz zerbitzu sozialen aldeko ekintza soziala aldarrikatzekoa. Eredu ekonomiko eta sozial berriaren aldeko uholde soziala haziz doa, Euskal Herrian definitu eta eraiki nahi dugun eredua, Troikaren edota unean uneko Gobernu espainiarraren inposaketen gainetik.

Erregimen nafar-espainoletik etekina atera duten horiek urduri daude, aldaketaren aldeko uholdea nola zabaltzen ari den ikusita. Eta 1982an Foru Hobekuntzarekin bezala, Madrilen laguntza behar izan dute, Barcinaren dimisioa eta hauteskundeak eskatzen zituen Nafarroako gehiengo sozialaren aurkako erabakia inposatzeko. Espainiako Estatuak lan erreforma ankerra, bi pentsio erreforma basati eta amaigabeko murrizketak inposatu dizkigu; Nafarroako Parlamentuan onartutako lege aurrerakoiak atzera bota ditu helegite bidez; eta geure etorkizunaren gaineko erabakiak hartzea eragozten digu.

“Martxokadak” langileariaren aldaketa desirak zapuztu ditu berriro ere. Alabaina, azken urteetan ikusi den bezala, gero eta oztopo handiagoak jarri, orduan eta indar handiagoa hartuko du aldaketaren aldeko uholde sozialak. Kolokan dago Espainiako eskuinaren hegemonia Nafarroan; hegemonia berria aitzinarazteko garaia da, langileriarena, pertsonen zerbitzura egongo den eredu ekonomiko eta sozial berria eraikiz. LABek aldarrikapen hori islatuko du Maiatzaren Lehenean eta horrekin bat egiten duen oro izango da ongi etorria.


 

  

 


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.