2024-12-19
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakMunduko Medikuak erakundearen Nafarroako hiru langileren kaleratzea salatu dugu

Munduko Medikuak erakundearen Nafarroako hiru langileren kaleratzea salatu dugu

Hilabete hasieran LAB sindikatuak jakinarazi zuen bezala, Munduko Medikuak erakundearen estatuko zuzendaritzak Iruñeko Arrosadia auzoan aurrera eramaten ari zen Zure auzoa, zure etxea programako hiru langile kaleratu ditu.

Enpresak arrazoi ekonomiko objektiboak alegatu ditu programaren itxiera eta hiru langileen kaleratzea argudiatzeko. Harrigarria eta ulertezina da hori, izan ere, enpresak uko egin dio Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako Departamentuaren dirulaguntzen azken deialdietara aurkezteari, iaz parte hartu arren. Aurten, harrigarriki, ez du parte hartu nahi izan. Hala, Nafarroako egoitzako koordinatzailearen gaitasun ezaren ondorioz, dirulaguntzaren 9.881 € kobratzeko aukera galdu zen, langileak ez kontratatzeagatik eta 2020an eginiko gastu batzuk behar bezala ez justifikatzeagatik.

Enpresak alegatzen dituen antolaketa-arrazoien artean, zuzendaritza-taldearen motibazio teknikoak daude. Proiektuak auzoan izan duen eragina baloratu dute, eta, ustez Munduko Medikuak erakundearen lerro estrategikoekin bat, proiektuari balorazio “ertain-baxua” eman diote. Horretarako, 2016ko azterlan batean oinarritu dira. Baina kontua da urte hartan proiektuak urtebete baino ez zeramala martxan. Lantalde teknikoak auzoari buruzko dokumentazioa, argudioak eta laguntza ugari bildu ditu erabaki horri aurre egiteko, bost urteko ibilbidean egindako lan bikaina azpimarratzeko eta, azken finean, proiektuak erakunde publikoekin, elkarte-sarearekin eta auzoko bizilagunekin lankidetzan jarraitu beharra erakusteko. Baina enpresak ez die datu horiei kasurik egin.

Hasieran enpresak itxiera ordenatua eta mailaz mailakoa izanen zela jakinarazi arren, ez dute horrela jokatu, inola ere. Kaleratzeen berri burofax baten bidez eman dute, legeak ezarritako 15 eguneko aurreabisua egin gabe, hainbat jarduera programatuta zeudela, zerbitzu teknikoak kontratatuak eta erabiltzaileak konfirmatuak, baina Munduko Medikuak erakundeko langile arduradunik gabe, ez akonpainamendua egiteko, ez finantzak justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa biltzeko. Programa ixteak, halaber, proiektuari atxikitako boluntario-taldearen jarduera etetea ekarri du.

Zerbitzu hori ixtea kolpe izugarria izan da hiru langileentzat, eta ez zaie aukerarik eman beste lanpostu batean jarraitzeko. Estatuko zuzendaritzak bere benetako aurpegia erakutsi du horrela. Erabakiak, gainera, Arrosadia auzoko kulturen arteko bizikidetzan aurrera egiteko funtsezko zerbitzu bat ixtea ekarri du.

Gehien galdu dutenak auzoa eta programaren erabiltzaileak dira. Horri loturik, ezin dugu ahaztu Iruñeko Udalak duela gutxi onartu zuela auzoko ijitoekiko bizikidetzarako esku-hartze programaren plegua, eta orain bertan behera gelditu den programa, hain zuzen, hura garatzeko funtsezko zutabea zela.

Munduko Medikuak erakundearen estatuko zuzendaritzak hartu duen azken erabaki horren funtsa eta formak salatu nahi ditu LAB sindikatuak. Kaleratutako langileak berriz hartzea eskatzen dugu, bai eta zerbitzua ixtea eragozteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea ere, hala nola dirulaguntzen deialdira aurkeztea. Auzoak, erabiltzaileak eta langileak errespetatuak izan daitezela eskatzen dugu. Eta, azkenik, zuzendaritza batzorde autonomiko bat osatzeko behar diren urrats guztiak eman daitezela erreklamatzen dugu, Nafarroan gure ordezkaritza-organoa izan dezagun.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.