2024-11-22
HomeMaiatzaren Lehena 2014Borrokaren bitartez lehen lortutakoa berreskuratu behar dugula aldarrikatu du Hernaniko LABek

Borrokaren bitartez lehen lortutakoa berreskuratu behar dugula aldarrikatu du Hernaniko LABek

Urumeako Kronika.- Langileen Nazioarteko Egu­nean, Maiatzaren 1ean, deitutako manifestazioaren berri emateko prentsaurrekoa eman zuen ostegunean Hernaniko LABek.

Egun horretako manifestazioetako bat Hernanin egingo da, 12:00etan Gudarien Plaza­tik abiatuta. Eskualdeko ma­ni­fes­tazioak antolatu dituztenez, Buruntzalde mailakoa izango da Hernanikoa, baina gehiago ere egingo dira Donostian, Beasainen eta Tolosan, «herritar guztiengana iristeko».

«Krisiaren aitzakiarekin buelta eman zaio lortutako guztiari»
Maiatzaren 1ean aldarrikatu nahi dena zer den azaldu zuen atzokoan LAB sindikatuak. «Orain urte batzuk lortu ziren eskubide batzuk: langileen estatutua, 40 orduko gehienezko lanaldiak zehaztea, marko edo hitzarmen probintzial eta autonomoak… Krisiaren aitzakiarekin buelta eman zaio lortutako guztiari; 2013ko uztailaren 7an hitzarmen kolektibo gehienak erori ziren. Eta hori dena lortu zen borrokarekin, sufrimenduarekin, konfrontazioarekin. Mar­txo­a­ren 3koa langileen arteko kon­fron­tazioa izan zen, oso gogorra. Eta gaur egun ere konfrontazioa behar da, negoziazioak itxi gabe, baina konfrontazioa. Gure indarra kalean dago. Lehen lortutakoa berreskuratu behar dugu, borrokaren bitartez».

LABen ustez, «krisia iruzur haundi bat da, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago egin dituena». Horren aurrean «borrokaren garrantzia azpimarratu» nahi du sindikatuak. «Azken 3-4 urteetan bospasei greba orokor eta beste 3 bat sektorial egin ditugu».

«Irtenbidea da bertan erabakitzea»
Egungo egoerari aurre egiteko «erabakitze eskubidearen ga­-rr­antzia» azpimarratu zuen LABek atzokoan. «Erabakitze eskubidearen premia langile mugimendura ekarri nahi dugu. Horregatik, manifestazi­oaren leloa: Langileok erabaki. Eus­kal Herriak erabaki dezan».

Bestelako jarraibide batzuk ere baditu LABek, baina «bertan erabakitzea ezinbestekoa» dela uste du. «Sindikatuen batasun estrategikoaren alde egiten jarraitzen dugu, ELA-LABen artekoa, nazio mailako eraikuntzan. Konfrontazioak egongo lirateke, baina horrela lortuko genituzke eskubideak denontzat. Ez bakarrik afiliatuta daudenentzako edo lanean ari direnentzako, baizik eta guztientzako eta langabetuen­tzako. Onena dira negoziazio kolektiboa eta hitzarmen probintzialak. Baina aldarrikatzen dugu bertan erabaki behar dela. Euskal Herrian erabaki, neurriak hartu, zein motatako marko eta Euskal Herria nahi ditugun…».

«Talde kolpatuenen defentsa»
Hau guztia aldarrikatzeaz gain, LABek ekitaldia egingo du Maia­tzaren 1ean, manifestazioaren ondoren, «talde kolpatuenak defendatzeko: hezkun­tza eta osasungintzaren pribatizazioaren eragina jaso dutenak; emakumeak, oso egoera prekarioan daudelako; langabetuak, gero eta gehiago direnak; gazteak; eta negoziazio kolektiboaren arazoak eragindakoak».
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.