Nafarroako garbiketa sektoreko sindikatuok grebara deitu dugu apirilaren 13, 14, 15 eta 16rako, hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Hainbat mobilizazio egin ditugu azken asteetan, eta orain, greba deialdi honen bitartez, borroka indartzea erabaki dugu LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuok.
Bada, grebaren atarian, garbiketetako bi langile ISNko kamioi batera igo dira goizean, 6:00etan, eta N-121 errepidea moztu dute, Beriainen. Hain zuzen ere, hitzarmena blokeatzen duen enpresa baten kamioia izanik, errepidea blokeatu dute.
Bestalde, sindikatuok agerraldia egin dugu ostegunean, garbiketako grebaren aurrean Hezkuntza Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatzeko. Garbiketako langileek ikasle eta hezkuntza arloko ordezkari sindikalekin batera egin zuten agerraldia. Bertan, datorren asteartean hasiko den grebaren aurrean Hezkuntza Sailak ezarritako %100eko gutxieneko zerbitzuak salatu dituzte.
Era berean, azaldu da Osasunbideak ikastetxeetakoak baino nabarmen apalagoak diren gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela. Hortaz, ia ulertezina da Carlos Gimenoren sailak ezarritako hain neurri zorrotza, praktikan grebarako eskubidea murrizten duena. Horregatik eta ikastetxeen garbitasun erabatekoa bermatzeko, Carlos Gimenori aholkatu diogu bere sailak kontratatzen dituen enpresak presiona ditzala negoziazio mahaira buelta daitezen eta ez dezala garbiketa bermatu garbitzaileen grebarako eskubidea urratuz. Horregatik, inposatutako gutxieneko zerbitzuetan atzera egitea exijitu diogu.