2024-07-04
HomeEkintza SozialaPandemiaren eraginak 21.300 pertsona gehiago utzi ditu langabezian eta beste 35.000 ABEEEn...

Pandemiaren eraginak 21.300 pertsona gehiago utzi ditu langabezian eta beste 35.000 ABEEEn Hego Euskal Herrian

Covidaren hedapenak eragindako krisia hasi zenetik urtebetera, lan-merkatuan izandako eraginaren balantzea suntsitzailea izan da. Pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta (iazko otsailaren amaieran), enplegu bulego publikoetan 21.294 langabe gehiago erregistratu dira. Beraz, gaur egun, 172.508 pertsona daude langabezian, eta horietatik %57 emakumeak dira.

Gizarte Segurantzako afiliazio-datuek ere erakusten dute enplegu-suntsiketa aurrekaririk gabeko mailara iritsi dela. Hala ere, ABEEEn erabilera masiboak hondamendi handiagoa saihestu du.

Izan ere, martxoaren amaieran 19.386 emakumezko langile eta 15.610 gizonezko langile zeuden ABEEE baten eraginpean, eta horien soldata bidezkodiru-sarrerak nabarmen murriztu dira. Era berean, autonomoen erregimeneko 13.822 pertsonari kolektibo horren egoera zaila arintzera bideratutako prestazioren bat aitortu zaie.

Nolanahi ere, garrantzitsua da nabarmentzea jada egoera ahulenean zeuden pertsonak eta kolektiboak direla ondorio txarrenak jasaten ari direnak.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da gazteriak jaso duen kolpe gogorra, lan-ikuspegitik gehien zigortutako gizarte-sektorea baita. Zehazki, epidemia hasi zenetik, 35 urtetik beherako gazteen artean erregistratutako langabeziak %37 egin du gora.

Lan-merkatuaren egiturazko arazoei, hala nola gazteen langabezia-tasa handiari eta Europako behin-behinekotasun-maila handienei, orain kontratazioaren beherakada eta lan-aukerarik eza gehitu behar zaizkie, pandemiaren ondorioengatik.

Zalantzarik gabe, txertoa da pandemiaren eta horrek ekarri dituen ondorio kaltegarrien aurkako tresnarik onena. Baina txertaketa-erritmoa oso motela izaten ari da.

Bereziki larria da EAEren kasua; izan ere, Espainiako estatuaren azken tokian dago emandako dosien ehuneko txikienarekin eta jada immunizatu den biztanleria kalteberaren proportziorik txikienarekin.

Jakina, osasun-krisia zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta handiagoak eta itzulezinagoak izango dira eragindako kalteak, bai osasunean eta giza bizitzetan, bai ekonomiari eta gizarteari dagokienez. Beraz, txertaketa-kanpaina azkartzea eta patenteak askatzea urgentzia bihurtu da.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Garbiketa sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dugu, bizitzaren kostuaren gaineko soldata igoerak jasotzen dituena

LAB eta CCOO sindikatuok –ordezkaritzaren %60 baino gehiago osatzen baitugu– Nafarroako Garbiketako hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu sektoreko patronalekin. LABen hitzarmen hori sinatuko dugu, azken 11 urteetako dinamika atzerakoiari buelta ematea lortu delako: hitzarmen berriak soldaten igoeretarako KPIaren erreferentzia berreskuratzen du (gehi puntu bateko diferentziala), urteko lanaldian orduen jaitsiera barne hartzen du, eta lanaldiak luzatzeko irizpide argi eta objektibo bat ezartzen du.

Deskarbonizazioa enplegua suntsitzeko aitzakia gisa erabiltzen ari den honetan, benetako trantsizio ekosozialaren alde egiten dugu

Greba mugagabean hainbat egun daramaten Cementos Rezolako langileen mobilizazioetan parte hartu du sindikatuko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburuk, eta azpimarratu du industriaren birmoldaketak langileen parte-hartzea izan behar duela oinarri. Bihar, osteguna, Cementos Rezolaren Arrigorriagako lantegira eramango dute protesta Añorgako langileek.

Etzegaraten hildako garraiolariaren heriotza eta errepideko lan istripuak salatu ditugu Iruñean

LAB, Hiru, LAB, CGT-LKN, Steilas, ESK, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Iruñeko San Ignazio kalean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, aurreko astean Etzegarateko istripu larrian hildako garraiolaria gogoratzeko eta Nafarroako errepideetako lan ezbehar kopuru handia salatzeko, “Lan istripu gehiagorik ez; prekarietateak hil egiten du” lelopean.