2024-11-25
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaEnplegu publikoaren kontsolidazioaren alde mobilizatu gara lan zentroetan, apirilaren 22ko greba presente

Enplegu publikoaren kontsolidazioaren alde mobilizatu gara lan zentroetan, apirilaren 22ko greba presente

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok deituta, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko milaka langilek hartu dute parte lan zentroetan antolatutako kontzentrazio eta mobilizazioetan.

Apirilak 22ko greba aurretik, apirilak 15ean ere administrazio eta sektore desberdinetako lan zentroetan mobilizazioak antolatuko ditugu ardura daukaten agintari eta alderdi politikoei irtenbide egoki bat eskatzeko.

Zerbitzu publikoen defentsan, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko, sindikatuok abian jarritako mobilizazio dinamikaren baitan, kontzentrazio eta ekimen desberdinak gauzatu ditugu gaur sektore publikoko milaka langilek beraien lan zentroetan:

-EAEko hiru hiriburuetako udaletxeetan, Bilbo, Gasteiz eta Donostian, ehundaka langilek babestutako kontzentrazioak gauzatu dira. Baita hiru lurraldetako beste hainbat udaletxetan ere, handienen artean, Gipuzkoako Orereta, Irun edo Eibar; Bizkaiko Durango, Gernika, Balmaseda, Getxo edo Galdakao; eta Arabako Laudio.

-Gipuzkoako Foru aldundian, Bizkaiko IFASen edota Arabako IFBSn ere elkarretaratze jendetsuak izan dira.

-Administrazio Orokorreko hiru hiriburuetako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurrean, hots, Gasteizen Lakuan, Bilbon Kale Nagusia 85ean, eta Donostian Andia kalean, zein Lanbideko zentro desberdinetan ere elkartu dira bertako langileak.   

-Osakidetzan hainbat ospitaletan eta osasun zentrotan gauzatu dira elkarretaratzeak, batzuk aipatzearren, Santiagoko ospitalea eta San Martingo osasun zentroa Araban, Gurutzetako ospitalea eta Basurtoko osasun zentroa Bizkaian edota Zumarragako ospitalea eta Amara Berriko osasun zentroa Gipuzkoan

-Hezkuntzan, Gipuzkoa eta Bizkaiko zentro gehienak itxita badaude ere, elkarretaratzeak gauzatu dira irekita dauden Arabako hainbat ikastetxetan, Adurtza eta Salburuakoak esaterako. EHU-Leioan ere elkartu dira langileak, eta Haurreskoletako langileak ekimenera batu dira, elkarretaratzeak gauzatuz, besteak beste, Gasteizko Izarra Haurreskolan edota Eibarreko kudeaketa langileak dauden lan zentroan.

-Garraio publikoari dagokionez, Metro eta Eusko Treneko langileek elkarretaratzeak egin dituzte.

-Komunikabide publikoen kasuan, EITBko Miramon eta Bilboko zentroetako langileek ere ekimena babestu dute, elkarretaratzeak gauzatuz.

Eusko Jaurlaritzak berak onartu bezala, Espainiako Estatuko eta Europako behin behinekotasun maila handiena daukagu gure sektore publikoan. %40tik gorako behin behinekotasuna ez da salbuespena, baizik eta administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokortu batean eta kasu askotan iruzurrean errepikatzen den errealitatea.

Zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa dakarten enplegu politika orokortu hauek azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pauso gisa soilik uler daitezke. Gure agintariek zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen dituzte, beraz.

Egoera honi irtenbide egoki bat emateko ardura daukaten agintari zein alderdi politikoek erantzun egokirik ematen ez diguten bitartean, sindikatuok adostutako mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraituko dugu. Hurrengoak, apirilak 15ean lan zentroetan gauzatuko diren mobilizazioak eta apirilak 22ko greba eguna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.