LABek ekintza ikusgarria burutu du gaur, hilak 29, Arabako Metalean hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Zehazki, sindikatuko hainbat kidek pankarta erraldoia zintzilikatu dute SEA patronalaren eraikinean, Gasteizko Urrezko Zeledoien Plazan.
Ekintza sinboliko honen bitartez, LABek SEA interpelatu nahi izan du, Arabako Metaleko negoziazio mahaia duela urtebete baino gehiago ez baita biltzen eta patronala erabat desagertuta dago.
Hortaz, sektoreak dituen arazoei erantzuten dien hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu, gure ustez izan beharko zituen funtsezko edukiak argi utziz:
– Soldata duinak, gutxienez 1.200 euro garbi hilean, eta igoera ziurtatuz sektore osoan. – Lanaldia jaitsi -inguruko altuena-, lana banatzeko.
– Prekarietateari aurre egitea, ebentualitatea jaitsiz, kontratetan subrogazioa bermatuz, ABLEak baztertuz eta praktikak eta formazio duala duinduz.
– Lan baldintza duinak, malgutasuna jaitsiz eta baimenak hobetuz.
– Emakumeen diskriminazioaren aurre egiteko neurri eraginkorrak.
– Lan osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak eta bajan egonda soldata ez galtzea, are gutxiago lanekoak badira.
Ekimen berri honekin, LABek berresten du soilik aktibazioa eta mobilizazioren bidez lortuko dugula hitzarmen duin bat Arabako Metalean. Eta noski, LABek bultzatzeko konpromisoa dauka.
Edonola ere, LABek salatu nahi du ekimena burutzean poliziak 7 kide identifikatu dituela, baita bertan zegoen beste kazetari bat. Ohikoa denez, instituzioek bere lana erakusten dute lan gatazkak erreprimitzeko eta ez irtenbideak bilatzeko.