LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako “Egun On Euskadi” saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Besteak beste, pandemiak sortutako ondorioei buruz galdetu diote, neurri gogorragoak ezartzeko atarian gaudenean. Zentzu honetan, pandemiaren kudeaketan kritikarako elementu asko daudela nabarmendu du; adibidez, osasungintzan: “Joko arriskutsu baten baitan mugitzen ari gara, neurriak zorroztu, neurriak malgutu, eta ez da erabaki politikorik egon pandemiaren ondorioei aurre egiteko”.
Hain zuzen ere, osasungintzako adibidearekin jarraituz, salatu du ez dela inbertsio publikorik egon, Osakidetzan behin behinekotasun tasa itzela denean eta lehen arretan ematen den egoera kezkagarria denean. Hala, neurriak finkatzera mugatzen diren heinean, “joan-etorri egoera” etengabe batean gaudela kritikatu du. Honekin batera, txertaketaren kudeaketa ere egokia ez dela aipatu du. Adibide moduan, jakinarazi du anbulantzietako langileek mobilizatu behar izan dutela, txertaketaren parte izateko eskatzeko. “Ez dago inolako borondaterik txertaketa langileekin adosteko”, zehaztu du.
Bestalde, azpimarratu du oraindik orain kutsatze katea ezagutzeko modurik ez dagoela; hots, lantegietan kutsatzeak ematen diren jakiterik ez dagoela, ikerketa gauzatzeko behin eta berriz eskatu dugun arren.
Pandemiari buruz ez ezik, beste gai batzuen inguruan ere hitz egin du Garbiñe Aranburuk. Hala, Globoaren aurkako epaiketa, Kataluniako inbestidura, industria sektoreko gatazkak eta funtzio publikoko aldarriak hizpide izan ditu, besteak beste.