2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakAnbulantziakLABek balorazio positiboa egiten du Bizkaiko anbulantzietan bitartekariak egindako proposamen berriaren aurrean

LABek balorazio positiboa egiten du Bizkaiko anbulantzietan bitartekariak egindako proposamen berriaren aurrean

Atzo, apirilak 7, Bizkaiko anbulantzien gatazkan ari den bitartekariarengandik sindikatuek jasotako azken proposamenaren inguruko erreferenduma egin zen eta langileen gehiengoak ontzat eman zuen. Aurreko proposamenari LABek eta langileen asanbladak ezezkoa eman ostean, proposamen berri honek onura asko jasotzen ditu, beste beste, lan erreformaren aurrean hitzarmena blindatzen dituzten klausulak. Gogora behar da langileak greba mugagabean daudela pasa den martxoaren 10etik.

Proposamenak jasotzen duena

– 2014-2016 indarraldia.
– Lan erreformaren aurrean hitzarmena blindatzen duten klausulak (ultraaktibitatea, hitzarmena ez betetzea eta malgutasuna).
– Etorkizunean EAE osoan ezarriko den hitzarmen kolektibo bat negoziatu eta adosteko konpromiso irmoa.
– 2015ean (KPI+0,3) eta 2016an (KPI+0,3) KPIari lotutako igoerak.
– Ahalbidetzen du 2013rako, langile berriek zein USOk soilik sinatutako eragin mugatuko hitzarmenerakin bat egin ez dutenek, aipatu hitzarmenak zehazten duen soldata igoera berreskuratu ahal izatea.
– Guardiak arautzea.

Hitzarmen honek 2008-2012 aldirako USO sindikatuak sinatu zuen eragin mugatuko hitzarmena hobetu egiten du.

LABetik, positiboki baloratzen dugu bitartekariak egindako proposamena, 2014rako eta 2015eko lehen seihilabeterako (KPI + 0,3 gehituko da) %3ko soldata jaitsiera jaso arren. Kontuan hartu behar dugu gehiengoa duen USO sindikatuak 2013an %8ko soldata jaitsiera adostu zuela, eta urte honetarako, %8ko jaitsiera onartzen jarraitzen zuela, pasa den astean argi geratu zen bezala, bitartekariak egindako lehen proposamena babestu zuenean. Gainera, gaur egun, enpresa unilateralki ari da %12,36ko soldata jaitsiera eta estatuko hitzarmena ezartzen. LABek, egoera eta aurrekariak ikusita, ulertzen du langileek eros-ahalmena berreskuratzen dutela eta 2015 eta 2016 urteetarako KPIaren gainetik dauden igoerak izango dituztela.

Aipatu proposamenak langileen babesa izan du atzo burututako erreferendumean, 243k proposamenaren alde bozkatu dute, 62k kontra eta boto zuri 2 eta baliogabe 1.

Sektoreko langileek eramandako borroka eredugarriak lortu du sektoreko enpresak eta administrazioa mugiarazi eta proposamen berri hau lortzea. Beste behin ere argi geratu da borroka dela bide bakarra lan erreforma neutralizatzeko eta gure eskubide laboral eta sozialetan aurrera egiteko.

Araba
Ez dugu ahaztu nahi Araban gatazkan jarraitzen dutela sektoreko eragin osoko hitzarmena lortzeko. Egoera honetan autonomia elkarte mailako hitzarmenaren beharrizana argi ikusten da, hiru herrialdeetako langileen baldintzak araute eta berdinduko dituena. LABetik lanean jarraituko dugu aukera hau egia bihurtu ahal izan dadin ez oso epe luzean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.