2018ko apirilaren 12an, Nafarroako Parlamentuak Kontratu Publikoen Legea onartu zuen, hortik aurrera administrazio publikoek enpresa pribatuei esleituko zizkieten kontratuak arautuko zituena. LABen ekimenez CCOO eta ELA sindikatuekin batera osaturiko gehiengo sindikalaren lanari esker —UGTk alde batera egin zuen azken unean euskarari dion fobiagatik— lege hori hobetu zen, eta baldintzak jarri ziren administrazioek azpikontrataturiko enpresetako milaka langileren lan-baldintzak duintzeko. Hala ere, LABek orain salatu du lege hori ez dela betetzen ari, eta horretarako sindikatu hau Kontratazio Batzordetik baztertu dutela.
Ordu hartan, LABek administrazioei galdegin zien aurrerantzean Kontratu Publikoen Legea zorrotz bete zezaten. Aitzitik, indarrean sartu zenetik bi urte baino gehiago igaro ondoren, egiaztatu dugu haren ez-betetzeak asko direla. Beste era batera esanda, zinismo ariketa argi batean, Geroa Bairen aurreko Gobernuak eta egungoak, PSNrekin batera, bere irudia salbatu zuten, baina ezer ere ez egiteko erabakiarekin jarraitzen dute. Hau da, Gobernuak enpresa pribatuei laguntzen jarraitzen du diru publikoaz baliatzen, interes orokorraren eta baldintza prekarioetan dauden langileen interesen gainetik.
Honetan guztian berriak ez garenez, legea tramitatzen ari zen bitartean, aldarrikapen garrantzitsuenetako bat izan zen erakunde sindikal guztiek Kontratazio Batzordean parte har zezaten bermatzea, batere bazterketarik gabe. Kontratazio publikoaren sistemaren funtzionamendu ona zaintzea da Batzorde horren zeregina. Helburua argia zen: diru publikoarekin iruzurrik egiten ez dela, zerbitzua betetzen dela eta milaka langileren lan-baldintzak errespetatzen direla bermatzea. Bada, horretarako konpromisoa lortu zuten sindikatuek legeqaren alde bozkatu zuten alderdi politikoekin.
Hala eta guztiez ere, Geroa Bairen aurreko Gobernuak azken orduan egindako Kontratazio Publikoaren Batzordea arautzen duen ekainaren 26ko 74/2019 Foru Dekretuak berreskuratu egin zuen erregimen zaharreko urteetako irizpide baztertzailea; CCOO eta UGTren parte-hartze bakarra bermatzeko. Irizpide diskriminatzaile hori zuzentzeko eskatuz sindikatu honek bidalitako gutun bati 2021eko otsailaren 5ean emandako erantzunean, Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Elma Saizek egungo diskriminazioa berretsi zuen, eta LABen parte-hartzeari atea itxi zion.
LAB sindikatutik oso larritzat jotzen dugu hartutako konpromisoak ez betetzea eta iraganeko irizpide baztertzailea berreskuratzea. Era berean, argi daukagu erabaki horren atzean borondate politiko zitala dagoela, egungo eskema apurtuko duten aldaketak eragozteko; eskema horretan Gobernuak ahalbidetzen du, enpresek irabaziak lortzen dituzte, eta milaka langile kaltetzen dira. Eta hori egin ahal izateko, UGTk eta CCOOk bezala jokatzen ez duten beste sindikatuak baztertu behar dira. Izan ere, zer lan egin dute bi urte hauetan CCOO eta UGT sindikatuek, kontratazio publikoak langileen lan-baldintzak urratzen jarraitu baitu? Zergatik edo zeren truke ez dute konpromisoa bete eta beste alde batera begiratu dute?
Praktika hori zuzendu egin behar da, bere larritasunagatik eta irudikatzen duenagatik. Hori da Nafarroako Gobernuari eskatzen dioguna. Gainera, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin bilera bana eskatu dugu, apartheid sindikal hori lehenbailehen buka dadin, eta legea benetan bete dadin.