2024-11-22
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaNafarroako Aldizkari Ofizialaren arduradunek ez dute Euskararen Legea betetzen

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren arduradunek ez dute Euskararen Legea betetzen

Euskararen Legeak agindu arren Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu behar dela, Aldizkariaren arduradunek eta, horrenbestez, Nafarroako Gobernuak ez dute legea betetzen, kapitulu batzuk baino ez baitituzte euskaratzen.

Abenduaren 15eko 15/1986 Euskarari buruzko Legeak 7. artikuluan xedatzen du Nafarroako Aldizkari Ofiziala gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko dela, aldi bereko edizio bananduetan. Agindu hori eman zenetik ia 35 urte igaro ondoren, legeak dioena bete gabe segitzen du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, Aldizkariak dituen 6 kapituluetatik 3 baizik ez dira euskaratzen. Gainerako 3 kapituluak gaztelaniaz argitaratzen dira euskarazko edizioan ere.

Hori gutxi balitz bezala, gaur egungo arduradunek, kapitulu gehiago euskaratzera jo beharrean, gero eta iragarki gutxiago euskaratzea erabaki dute. Adibiderik garbiena Justizia ataleko jakinarazpen ediktuekin gertatutakoa da. 2017ko ekainean, egun batetik bestera, Justizia ataleko iragarki horiek –ordura arte euskaraz ere argitaratzen zirenak– gaztelania hutsez argitaratzen hasi ziren, aurreko urteetan arlo horretako iragarki-ereduak eta hizkuntza-estiloa bateratzeko egindako lan guztia alferrik galduz. Gaur den egunean, egoera ez da aldatu.

Ez da hori Nafarroako Aldizkari Ofizialaren arduradunek euskarekiko erakusten duten gutxiespen jarrera bakarra. 2016ko hauteskundeetatik sortutako gobernu berriaren egitura organikoan, Koordinazio Elebidunaren Bulegoa sortu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalaren barruan, “bere gain hartzen dituena, berez itzulpen lanak izan gabe, Nafarroako Aldizkari Ofiziala euskaraz argitaratzeko ezinbestekoak diren eginkizunak”. Ezinbesteko eginkizun horien artean, Euskarabideko itzultzaileekiko koordinazioa eta euskarazko edizioaren azken zuzenketa eta berrikuspena egitea dago: euskarazko argitalpenaren behar bezalako kalitatea bermatzeko ezinbesteko lana, are gehiago kontuan hartzen badugu Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Atalean lan egiten duten 15 langile ingurutik bat ere ez dela euskalduna.

Koordinazio Elebidunaren bulegoburu berria 2018ko abenduan hasi zen lanean, eta 2019ko urriaren hasieran utzi zuen kargua, berak eskatuta. Geroztik, euskarazko edizioaren kalitatea bermatzeko hain garrantzitsua den lan hori ez du inork egiten, burutza bete gabe dago oraindik, eta ez dirudi ahalegin handia egiten ari direnik beste bulegoburu bat bilatzeko. Bitartean, Aldizkariko langile erdaldunek ahal dutena egiten dute ezagutzen ez duten hizkuntza batean idatzita dauden testuak editatzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, LABek Nafarroako Aldizkari Ofizialaren arduradunei exijitzen die, batetik, bete dezatela behingoz Euskararen Legeak agintzen duena eta Aldizkari Ofizial guzti-guztia argitara dezatela euskaraz, Justizia ataleko iragarkietatik hasita; eta bestetik, bete dezatela lehenbailehen Koordinazio Elebidunaren Bulegoko burutza, aldizkariaren euskarazko edizioaren endekapen prozesuari galga jartzen hasteko lehenengo urrats gisa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.