Martxoaren 21a Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Bada, egun horren harira, LABek Euskal Herri anitz baten aldeko apustua egiten duela berretsi nahi du, eskubide osoko subjektu eta subjektu langiletzat aitortuko gaituena, lan eta bizi baldintza berdinekin.
Sistema kapitalista kolonial, patriarkalak; gorputzak, komunitateak eta lurraldeak arpilatu, ustiatu eta kolonizatzen ditu. Horixe da, eta izan da, bere funtzionamenduaren logika, etengabeko hedapen biozidaren oinarria.
Euskal Herrira migratu duten beste hainbat kiderekin batera, ikusarazi ohi ez den funtsezko ekarpen soziala egiten dute.
Estatu espainiarreko atzerritartasunari buruzko legeak sistematikoki gauzatzen dituen diskriminazio eta urraketa ugariak arbuiatzen ditugu, bai eta langile migratuak ezkutuko ekonomian jarraitzera kondenatzen dituzten indarrean dauden lan-araudiak ere, babesgabetasun, abusu, prekarietate eta lan-esplotazioko zirkuitu ugariren eraginpean jartzen baitituzte.
Oso ondo muntatutako zirkuitua da, eta langileen bizitza eta gorputzen kontura egiten da. Sindemia globalak “funtsezkoa” eta “normaltasuna” deiturikoak ekarri dizkigu gogora.
Langile migratuek, kasu askotan, bizi duten berregituraketa sistemikoaren prozesu bortitzaren doikuntza- eta prekarizazio-katearen azken maila izaten ari dira.
Ez dugu horrelakorik onartuko. Lanean ari dira emantzipazio eta senidetasun bidean:
• Migratuak Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruaren eraikuntzan sartzeko politikak eta proposamenak bultzatuz.
• Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioei eskatzen zaie politika publikoak egin ditzatela, genero, klase, arraza eta atzerritartasun-egoeraren ardatzak lan-esparruan uztartzea kontuan hartuta, neurri eraginkorrak eta berehalakoak izan ditzaten migratzaileentzako lan-diskriminazio, -urraketa eta/edo -abusu kasuetan jarraipena, kontrola eta zehapena egiteko, egoera edozein dela ere.
• Euskal administrazioei atzerritartasun legearen aurkako jarrera har dezaten eskatuz, guztientzako paperak emanez udaleko errolda sozialaren eta/edo auzotasun iragankorreko txartelen bidez.
• Confebask interpelatzen, etxeko eta zaintzako langileen hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasteko.
• Ekintza sindikala bultzatuz, migratuekin eta migrazioetatik, borroka horren protagonista ere izan daitezen/gaitezen, administrazio-egoera edozein dela ere.
• Sindikatu inklusibo baten garapen-prozesua sendotuz,bai afiliatutako pertsona migratuen kolektiboarekin batera egindako lan-saioen bidez, bai aktiboki parte hartuz migratuen eskubideen defentsaren eta aitortzaren alde borrokatzen diren gizarte-erakundeekin eta plataformekin batera.
Denontzako paperak. Inor ez da ilegala. Migratzea eskubidea da. Lan Hitzarmenak eta antolaketa kolektiboa, sektore guztientzat!