Kontsultaldien azken bilera egunaren harira, Tubacex-eko langileak Derioko industria gunean mobilizatu dira goizean, enpleguaren defentsan, enpresak bertan dituen bulegoen aurrean. Kaleratzeak irudikatzeko, hilerri bat eraiki dute. 150 gurutze jarri dituzte, kalean utzi nahi dituzten langile kopurua bezain beste. Arratsaldean, Tubacex-eko zuzendaritzaren jakinarazpena etorri da, kaleratzeen inguruan.
Hala, EEE prozesua Laudio eta Amurrioko lantegietarako 95 kaleratze eta 34 irteerarekin amaitzeko Tubacex-eko zuzendaritzak egindako jakinarazpen formalaren ondoren, honakoa adierazi nahi dugu LABetik:
-Lehenik eta behin, esan beharra dugu prozesu guzti honetan zehar ez dela kaleratzeok egiteko arrazoi estrukturalik erakutsi, eta erabaki honek Tubacex-eko zuzendaritza eta administrazio kontseiluaren interes eta diruzalakeriari baino ez diola erantzuten.
-Bigarrenik, argi utzi nahi dugu ez dugula ezta kaleratze bakar bat onartuko, eta hau gelditzeko bidea Tubacex-eko langileak egiten ari diren borrokak jarraitzen duela izaten, kaleratuetako azkena berriro lanean hasi arte.
-Instituzioei, tokikoei zein Eusko Jaurlaritza eta Industria Sailari, esaten diegu honezkero ez dela nahikoa elkartasuna eta adierazpen hutsekin; aurrera urrats bat eman behar dute, modu argian kaleratzeen aurka agertu behar direla eta hauek egin ez daitezen lan egin. Ezin da onartu diru publikoa eta zerga-salbuespenak jasotzen dituzten enpresei trukean ezer ez exijitzea. Nahikoa da diru publikoa patronalaren irabazietarako erabiltzeaz.
-Ezin da onartu Aiaraldean enplegu gehiago suntsitzerik, eta are gutxiago Tubacex eta Tubos Reunidos bezalako enpresa garrantzitsuetan. Berehalako konpromisoak exijitzen ditugu Aiaraldeko, eta orohar Euskal Herriko, enplegu duin eta kalitatezkoaren alde.
-Aiaraldeko langileria elkartasun, konpromiso eta enpleguaren aldeko borrokaren eredua ematen ari da. LABen lanean jarraituko dugu Tubacex eta beste enpresa eta sektore batzuetako langileekin batera borroka honek aurrera jarrai dezan.
-Amaitzeko, egungo lan erreforma indargabetzea eta lan harremanetarako esparru propioa eskatzen ditugu. Euskal Herriko langileok lan harremanetarako gure esparru propioa eraiki behar dugu albo batera uzteko espainiar legeria, kaleratze hauek ahalbidetu eta horrenbesteko prekarietate eta enplegu suntsiketa ekarri diona euskal langile klaseari.