2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHaurreskolak Partzuergoan zortzi greba arrakastatsu egin eta gero, Hezkuntza Sailaren mututasunaren aurrean,...

Haurreskolak Partzuergoan zortzi greba arrakastatsu egin eta gero, Hezkuntza Sailaren mututasunaren aurrean, mahai negoziatzailea deitzen dugu

Dagoeneko ikasturte erdi baino gehiago pasa den arren, EAEko Hezkuntza Sailak Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea behin besterik ez du deitu, abenduaren 22an, legegintzaldi honetan bilera bakarra. Bitartean, bataz beste %65eko jarraipena izan duten zortzi greba egun arrakastatsu, azkena, otsailaren 24an, egin ditugu. Hamarnaka herritan elkartasuna adierazteko egindako mobilizazioetan ikusi dugun bezala, langileok eskaintzen dugun hezkuntza zerbitzuak erabiltzaileen eta, oro har, jendartearen babes zabala jaso du.

Gure aldarrikapenekin eta greba dinamikarekin bat egiten duten atxikimendu asko jaso ditugu eta, horiek, Hezkuntza sailburuari ere helarazi zaizkio:

-Haurreskola bakoitzeko jarraipen batzordeen aldetik (hezitzaile taldearen ordezkari bat, haurreskolako koordinatzailea, familien ordezkaria eta udalaren ordezkaria). Aipatu beharra dago EAJren ordezkariek ez dutela sinatu. Kasu horietan, udalaren ordezkariaren sinadurarik gabe bidali da atxikimendua.

-Haurreskoletako ehundaka familiak norbanako gisa bidali dute atxikimendua.

-Hekuntzako eta bestelako hainbat eragilek ere atxikimendua sinatu dute eta bat egin dute aldarrikapenekin: EH Bildu, Ikama, Hezkuntza Plazara, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma eta Durangoko Udalak.

Zortzi greba egun arrakastatsu egin arren, Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak mutu jarraitzen dute. Hiru hilabete pasatu ostean, uste dugu duten ardura politikoagatik eta langileoi zor diguten errespetuagatik, gure aldarrikapenen inguruan, eta abenduaren 22ko mahai negoziatzailean gure etorkizunari buruz egindako hainbat baieztapenengatik, azalpenak ematea dagokiela eta negoziatzeko eskubidea berreskuratzeko eskubidea dugula.

Abenduko mahaitik atera genituen ondorioak oso larriak izan ziren eta, tartean hartu dituzten erabaki batzuk, akordioak ez betetzea, besteak beste, lan baldintzen kaskartzea ekarri du. Era berean, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu.

Hori dela eta, 3 hilabete beranduago, EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, beste behin, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu. Baina, negoziatzeko mahairik deitzen ez duenez, haurreskoletako langileon ordezkariak garen LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Hezkuntza Saila eta Haurreskolak Partzuergoa mahai negoziatzailera bertaratzera deitzen diegu Lakuan, hilaren 23an, arratsaldeko 15:30ean, honako gai ordenarekin:

– Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

– Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.

– Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.

– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.

– Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean.

– Aurrekontua handitzea.

Eta, nola ez, erantzun beharko digute non geratu den Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera. Eta, erabateko doakotasunerako urratsak zeintzuk eta noiz emango diren, badelako garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

Gauzak horrela, hilaren 23an, arratsaldeko 15:00etan, Lakua aurrean elkarretaratzea deituko dugu gure etorkizunaren defentsan. Herrietan hasitako dinamikari helduz, hainbatetan ere elkarretaratzeak antolatuko dituzte hezitzaile eta familiek.

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak benetako negoziazioari uko egiten jarraitzen badiote, edo gure aldarrikapenei erantzuten ez badiete, ikasturte honetan aurrera eramaten ari garen greba dinamikari jarraipena ematea eta sakontzea beste biderik ez zaigula geratuko argi dugu.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikak antolatu dituzten langile eta familiei eta dinamikekin bat egin edota herrietan antolatu dituzten ekimenetan parte hartu duzuen langile guztioi, hezitzaile zein kudeaketa langile izan. Gatazkari babesa erakutsi eta laguntza eskaini diguten familia eta eragileei ere, nola ez, gure eskerrik beroenak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.