2024-11-22
HomeIndustriaEraikuntzaLapatza ABEEari zigorra ezarri diote Deskargako heriotz istripuan izandako arduragatik

Lapatza ABEEari zigorra ezarri diote Deskargako heriotz istripuan izandako arduragatik

2013ko irailaren 18an Deskargako obretan lan istripuan 33 urteko langilea hil zen. Heriotz istripu honen aurrean, eta gertatutakoaren jarraipena egin ondoren, obra egiten ari den Lapatza enpresa batasunari 1,6 milioi euroko isuna ezarriko dio Gipuzkoako Aldundiak, segurtasun eta osasun arloan bere betebeharrak ez betetzeagatik edo bestela esanda, lan istripuan izandako arduragatik.

GI-632 errepideko lanei segimentua egiteko Jarraipen Batzordeko partaide den LAB sindikatuarentzat garrantzitsua da Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren txostenak aztertu ondoren Aldundiak ateratako ondorioa eta hartutako erabakia.

Lan ezbeharren prebentzioan lan arloko segurtasuna bermatzea lehentasunezkoa da; hori horrela, obrak esleitzerakoan pleguetan jasotzen dena administrazioak betearazi eta enpresak bete egin behar du. Lan ezbeharren aurrean administrazioak ezin du ezikusiarena egin, gutxiago, obra publikoaz ari bagara, horietan esku hartze zuzena duela aintzat hartuta. Urteetan hitzarmenaren inkunplimendua obra publikoan behin eta berriro eman da eta ondorio lazgarriak izan ditu. Aspaldikoak dira sindikatuon aldetik administrazioari eginiko eskakizunak, egoera horri aurre egiteko neurriak hartu ditzan.

Hori horrela, norabide berean Gipuzkoako Aldundiaren eskutik etorritako arau forala begi onez ikusi izan du LABek, onartua izan denetik aurrera Aldundiak esleitutako obretan klausula sozialak txertatzea ahalbidetu baitu. Gisa honetako iniziatiben beharra eta garrantzia azpimarratzen jarraitzen dugu LABetik, areago, euskal langileen eskubideen defentsari dagozkion erabakiak berton erabakitzeko eskubidea eta ahalmena garatzea ahalbidetzen duela kontuan hartuta.

Obrak esleitzerakoan langileen segurtasuna zaintzeko neurriak bermatzea enpresen egitekoa da, eta neurri horiek betetzen direla zaintzea administrazioaren ardura, obretan arau hausterik egon ez dadin. Langileen osasunaren eta eskubideen defentsaz ari gara, eta Aldundiak hartutakoaren moduko erabakiek balio izan behar dute enpresak plegu arauetan ezarritakoa betetzera behartzeko. Norabide horretan urrats gehiago behar ditugu, Gipuzkoako Aldundiak urratutako bidetik, indar politiko guztiek apustu egin behar dute arau foralaren alde.

Deskargako heriotz istripuaren aurrean enpresak izan duen erantzukizuna eta ondorioak kontutan hartuta, LABek espero du gainerako enpresek ere aintzat hartzea aurrekaria, halakorik berriro gerta ez dadin, langileen eskubideei, osasunari eta segurtasunari behar dituzten berme guztiak emateko euren esku duten guztia egin dezaten, dagozkien arau guztiak betez.
 

  LAB«Aldundiak hartutakoaren moduko erabakiek balio izan behar dute enpresak plegu arauetan ezarritakoa betetzera behartzeko»

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.