2024-11-25
HomeZerbitzu PribatuakErrepideakGEBISAko (A8) langileek lanuzteak iragarri dituzte hitzarmenaren alde

GEBISAko (A8) langileek lanuzteak iragarri dituzte hitzarmenaren alde

A8 autobidea Bizkaian kudeatzen duen GEBISA enpresako langileek lanuzteak egiteari ekingo diote, hitzarmen kolektiboaren alde. Lanuzteak martxoaren 31n eta apirilaren 4an egingo dira, bi orduz goizean, eta beste bi orduz arratsaldean. Datorren asteko astelehen eta ostiralean, 07:30etatik 09:30ak arte, eta 17:30etatik 19:30ak arte.

Langileek mobilizazioetara jo behar izan dute, akordio bat lortzeko enpresaren borondate eskasa dela-eta. Langileek azaroan aurkeztu zuten beren plataforma, eta erantzuna bi hilabete eta erdi geroago jaso zuten.

Zuzendaritza lan-erreformaz baliatu nahi da, Bizkaiko Foru Aldundiak azaroan eman zuen Jarraibide Teknikoari jaramonik egin barik. Eta hori oso larria iruditzen zaigu, zeren alde batetik erreformaz baliatzen dira lan-baldintzak hondatzeko, eta bestetik, ez diote jaramonik egiten Bizkaiko Foru Aldundiari (A8 autobideko Bizkaiko zatiaren jabea). Eta hortxe ikusten da zein jarraipen eskasa egiten dien Aldundiak bere kontratei.

Horrez gain, enpresak soldata-eskala bikoitza sartu nahi du; eta ondorioz, lehen, bigarren eta hirugarren mailako langileak egongo dira. Hori harrigarria egiten zaigu, Gebisak eskala bikoitza sartu nahi izatea Bizkaiko Foru Aldundian.

Hori gutxi balitz bezala, langileek denboran zehar lortu izan dituzten eskubideak baztertzen eta indargabetzen saiatzen dira.

Langileek, gainera, hitzarmena zaindu behar dute, eta lan-erreformatik blindatu; baina enpresa ez dago prest blindaje hori onartzeko. Hori dela-eta, lanuzteak egiteko deia zabaldu behar izan dugu, geure burua zaintzearren.

Ez dugu ahaztu behar enpresak orain dela urtebete baino gutxiago lortu zuela enkante hau, eta KPIrekin loturiko berrikuspena egingo diotela. Horrek pentsarazten digu enpresaren sakelak gizendu nahi dituztela, gure lan-baldintzen kontura.

Langileok aldez aurretik barkamena eskatzen dizkiegu erabiltzaileei, gogoz kontra hartu behar izan dugun neurri honen eragozpenengatik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.