2024-11-22
HomeZerbitzu PribatuakItsaso MerkataritzaLABeko Bilboko portuko eta itsasadarreko delegatuek Remolcadores Ibaizabalen jarrera salatu dute

LABeko Bilboko portuko eta itsasadarreko delegatuek Remolcadores Ibaizabalen jarrera salatu dute

Aurtengo urtarrilaren 1ean, Compañía de Remolcadores Ibaizabalek, hitzarmenaren ultraktibitateari buruzko bere irakurketa eginez, haren indarraldia amaitutzat eman zuen eta lanerako sistema berria ezarri zuen, negoziazioetan hitzartuz ezarri nahi izan zuena eta enpresa batzordeak arbuiatu zuena hain zuzen.

Aurreko sistema urteko 24 ordutako 91/92 zaintzaldiz osatua zegoen, 24 ordutako zaintzalditan eta 72 ordu librez banatua.

Ezarri berri den sisteman 117 zaintzaldi bete behar dira (25/26 zaintza gehiago, urteko 624 ordu gehiago), ondoz ondoko 3 zaintzetan banatuz (72 ordu atoi-ontzitik ezin mugituz) eta 6 jaiegun izanik 6 hilabetean; gainontzeko 6 hilabeteetan okerrera joko du egoerak, ondoz ondoko 6 zaintzaldi bete behar izango dira 12 egunetako atsedenarekin. Ezarri den hilabetetan, 20 ordutako lanaldiak ere bete izan dira, Langileen Estatutuak ezartzen dituen gehieneko lanaldiak eta lanaldien arteko atsedenaldiak ere ez betez.

LAB sindikatuak erabaki horri helegitea aurkeztu dio, eta datorren ekainaren 2an ultraktibitatea izatearen edota ez izatearen nahiz 624 lanordu gehiago eragiten duen sistema aldatzeak (2.800 ordu urteko gaindituz) eskatzen duen funtsezko aldaketaren epaiketa egingo da.

Aski ezaguna da portura sartzen diren edota portutik irteten diren itsasontziei (petroliontzi handiei, gasa garraiatzen duten itsasontziei eta gurutzontziei nahiz gabarra txikiei) atoi-ontziek eskaintzen dizkieten laguntza-lanak etengabeak eta kontaezinak direla eta lan-sistema berri honen ondorioz, eskifaiak pilatzen duen nekea eta abaildura inork jasan dezakeena guztiz gainditzen duela, hauen erreflexuei larriki eragiten diela, sektore honetan lan egiten dugunon artean istripu hilgarriei ateak zabaltzen zaizkiela eta ingurumenari eta inguruan bizi diren biztanleei larriki eragin diezaiekeela.

Azpimarra daiteke Bilboko Portuaren Agintaritzaren geldotasuna bere jabetzako instalazioetan diharduen itsasontzi enpresa bati dagokionez, gainera, kontuan hartuz, haren jardunak gure portuak nazioartean duen izen ona (oso harro gauden izen onaz) suntsi dezakeelako; ez dugu inondik inora onartuko, Ramolcadores Ibaizabal enpresaren kudeatzailea den Patxi Garaigordobil jaunaren asezintasunak suntsi dezala. Gerentzia honen obsesioak, etengabe, giza kapitala murriztuz, etekin ekonomikoak lortzeko, aurrez aurre egiten du tupust logika ororekin. Hori dela eta berriro joko dugu itsas-kapitainarengana (Bilbo portuko eta itsasadarreko itsas segurtasunaren arduradun gorena) eta Bilboko Portuaren Agintaritzaren buruarengana, guztion artean gai izan gaitezen inoiz jazo behar ez zuen egoera birbideratzen.

Ez dugu ulertzen eta ez gatoz bat, milioika eurotako irabaziak dituen enpresa batek nolatan murriztu nahi duen honezkero sarraskitua dagoen plantilla, are gehiago, kontuan hartuz, 2012. urtean 6 milioi baino gehiago irabazi zituela, eta 2011. urtean 3,9 milioi eurotako dibidenduak eta 6,5 milioi euro banatu zituela konturako dibidendutan, eta 2012. urtean 4,7 milioi eurotako dibidenduak banatu zituela. 2013. urtean auditatu zituen kontuak ezagutzen ez ditugun arren, badakigu behin-behineko irabaziak 2012. urtekoak baino handiagoak direla. Hots, krisialdia gure herria bortizki astintzen ari den eta egoerak bultzatuta, hamaika enpresa ixten ari diren honetan, Ibaizabal konpainiak milioi askotako irabaziak pilatzen ditu. Atsekabetzen gaitu hauen gurari bakarra langile-kopurua murriztea dela, lanorduak areagotuz eta langileak makaltasun mugetara eramanez.

Martxoaren 3tik eta ekainaren 2an epaiketa egingo den arte, Bilboko lan auzitegiak, LABek eskatuz, aurreko sistema berrartzea agindu du kautela-neurri gisa, hots, neurria horren larria izanik, herena, epaia eman arte.

Zer egin behar du Bilboko Portuaren Agintaritzak egungo lan-sistema kautelaz baliogabetzen duen epai honen aurrean?
Behin eta berriz ezagutarazten dizkigute kontratazioa suspertzeko ekimenak. Zelan uste du Eusko Jaurlaritzak hau egin daitekeela irabaziak dituen enpresei enplegua suntsitzen uzten badie? Gogora dezagun Bilboko Portuaren Buruaren izendapena unean uneko Jaurlaritzari egokitzen zaiola.

Zuon aurrean agertu garenok, portuko itsas-eremuan lan egiten duten enpresetan aukeratutako LABen ordezkariok, geure buruei galdetzen diegu: zergatik, Bilboko Portuaren Agintaritzak, egiten die entzungor langileek eta hauen ordezkariek segurtasun gai hertsietan egiten dituzten ekarpenei? Zergatik gerarazi behar ditu epaitegi batek langileei eta itsas-segurtasunari egin erasoak?
LABek, aurrerantzean ere, salatuko ditu bidegabekeria hauek guztiak, nabarmenduz hauen arduradunak eta dagokion ardurari uko eginez ezikusiarena egiten dituztenak.

Azkenik, honen bidez salatu nahi dugu Remolcadores Ibaizabal enpresak eta batik bat, haren kudeatzailea den Patxi Garaigordobilek gatazka honetan erakutsi duen eta erakusten ari den jarrera: bere eskifaiak XVI. mendeko lanaldiak egitera behartu dituelako (Jeireddín Bizargorri piraten kapitain berari ere ez zitzaiokeen honelakorik bururatuko). XVI. mendea aspaldiko kontua da, baita esklaboen trafikoa ere. LABek bidegabekeria hauek guztiak salatzen iraungo du, honen arduradunak nahiz arduragabeak izanik ezikusiarena egiten dutenak nortzuk diren adieraziz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.