2024-08-25
HomeEkintza SindikalaEnplegu eta bizitza duinaren alde mobilizatu gara Aiaraldean

Enplegu eta bizitza duinaren alde mobilizatu gara Aiaraldean

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok mobilizazio eguna izan dugu Aiaraldean, eta goizean goizetik irten gara kalera enplegu eta bizitza duinaren defentsan. Hain zuzen ere, eskualde mailako bi orduko lanuzteak deitu ditugu 11:00etatik 13:00etara, eta, ondoren, manifestazio bana egin ditugu Amurrio eta Laudion, “Aiaraldean enplegu eta bizitza duina” lemarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, sindikatuko ordezkaritza zabal batekin batera.

Bizi dugun egoerak, enplegu suntsiketarekin, berau galtzeko arriskuarekin, enplegu prekarioarekin… erantzun global, bateratu eta anitza eskatzen du Aiaraldean. Izan ere, eskualdea egoera kezkagarrian dago. Arreta berezia merezi du Tubacex-en gertatzen ari denak, EEE batekin eta zuzendaritzak egindako 150 kaleratzeren mehatxuarekin, eta baita Valvospain-eko itxiera eta 79 kaleratzeek ere, hauek ehundaka familia eta gure eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin.

Inoiz baino beharrezkoagoa da enpleguaren alde mobilizatzea, eskubide laboral eta sozialen alde, kalitatezko zerbitzu publikoen alde; azken batean, enplegu eta bizitza duinaren alde, eta eskualdearen eta bertoko langileen etorkizunaren alde.

Erakundeak eta alderdiak interpelatu ditugu

Amurron eta Laudion egindako manifestazioen bukaeran, sindikatuotako ordezkariek adierazi dugu, eskualdeko lanuzte honekin eta Laudioko eta Amurrioko kaleetan zehar egin ditugun manifestazioekin, erakunde eta alderdi politikoak interpelatu nahi ditugula, “gizartearen gainerakoekin batera gure eskualdeko kalitatezko enplegua defenda dezaten eta azken lan-erreformak indargabetzeko lan egin dezaten. Sektore guztiei bizitza duina bermatzeko nahikoa politika publiko eta laguntza bermatzea ere ezinbestekoa da”.

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuon hitzetan, “Aiaraldeko enpleguaren eta bizitza duinaren aldeko egondako dozenaka atxikimendu eta gaurko manifestazioen arrakasta kolektiboa ezin dira kanpaina baten amaiera izan, Aiaraldean enpleguaren eta bizitza duinaren alde borrokatzeko konpromisoaren hasiera baizik, Aiaraldean, elkarrekin, posible delako. Horregatik, helburu horrekin egiten diren deialdiekin bat egitera deitzen dugu. Gaurko borroka biharko enplegua eta baldintzak direlako”.

Azken lan-erreformek eta politika publikoek enplegua suntsitu dute, prekarizazioa sortu dute, “eta horrek, gure aldetik erantzun soziala, bateratua eta plurala eskatzen du. Horregatik, enpleguaren defentsan, kalitatezko zerbitzu publikoen eta lan eta gizarteko eskubideen alde mobilizatzea beharrezkoa dela uste dugu”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Laneko heriotzak prekarizazioaren eta erakundeek lan osasunean duten kontrol ezaren ondorio dira

Atzo B.L.S. 61 urteko langilea hil zen Ataunen, Lizarrustiko inguruetan, zuhaitz bat gainera erorita. Lehenik eta behin LAB sindikatutik elkartasuna eta babesa agertu nahi diegu hildakoaren senide eta gertukoei.2024ko 37. lan heriotza izan zen atzokoa. Eta nabarmentzekoa ere, azken 9 egunetan, basogintzako sektorean hiltzen den bigarren langilea dela, agerian uztiz sektoreko lan baldintzak gero eta okerragoak direla

Bereziki kezkagarritzat jotzen dugu gaur indarrean sartuko den Parekotasun Legeak kontziliazio-neurriak dituzten langileen kaleratzea erraztea

Gaur sartuko da indarrean Emakume eta gizonen ordezkaritza parekide eta presentzia orekatuaren Lege Organikoa, “Parekotasun Legea” deiturikoa.

Correosek Gipuzkoan dituen lantokietako egoera hondoa jotzen ari da udan, kontratazio faltagatik

Correosek Gipuzkoan duen langileak ez kontratatzeko politikak eragina du egungo plantillan, eta gehiegizko lan-karga jasanezinak izatera eramaten ari da. Enpresak apirilaren amaieratik ezagutzen du langile bakoitzaren oporraldia, baina bere lana egin ahal izateko behar adina langile ez kontratatzeko ideiarekin jarraitzen du, eta karteria gehienetan jakinarazpen administratiboen eta judizialen metaketa onartezina eragiten du, paketeria entregatzeko atzerapena, Posta Zerbitzu Unibertsalak ezarritako epeak ez betetzea, etab.