2024-12-20
HomeEkintza Politikoa45 urte geroago, memoriak eta borrokak bizirik jarraitzen dute

45 urte geroago, memoriak eta borrokak bizirik jarraitzen dute

Martxoaren 3aren etorrerarekin, Euskal Herriaren historian gertatutako pasarte lazgarrienetako bat gogora ekarri dugu: 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen, Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoa elizan, langile asanblada baten aurka oldartu eta gero. Hala, Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen. Bada, 45 urte geroago, biktima horiek ez dute egia, justizia eta erreparazioarik jaso. Errealitate honen aurrean, LABek omenaldia egin du Gasteizen, arratsalderako euskal gehiengo sindikalak deitutako manifestazioarekin bat egiteaz gain; azken hau, “Zaintza, oroimena eta borroka” leloarekin. Hain zuzen ere, goizean, ekitaldia egin dugu Martxoak 3 plazan, lana eta bizitza duina ardatz, langileon borroka lehen lerrora ekarrita; emakumeena bereziki.

Zentzu honetan, gure ekitaldian, duela 45 urte hil zituzten langileak gogora ekartzeaz gain, emakumeen papera nabarmendu dugu, orduko borroka horietan zein egungo borroketan ere. Hala, zaintza lanen aitortza aldarrikatu dugu, eta martxoaren 4an gizarte zerbitzuetan greba eguna dugula gogoratu dugu; feminizatuta eta prekarizatuta dauden zerbitzuetan, hain justu. “Bizitza erdigunean jartzea eta zaintzen ardura partekatzea da gure erronka. Izan ere, orain antolatuta dauden bezala, zaintzak jasanezinak dira. Ezin dugu beste aldera begiratu zaintza horiek ematen ari diren baldintza ez duin eta prekarioen aurrean, langile askoren esplotazioaren eta esklabotzaren bidez. Ezin ditugu zaintzaileen lan eta bizi baldintza prekarioak onartu, ezta minutu bat gehiago ere”, aipatu du Zerbitzu Soziokomunitarioko delegatu Idoia Ibarrolak.

Ez ahaztea, amore ez ematea, borrokan jarraitzea… horixe da martxoaren 3 hartatik geratu zaigun ondareetako bat; “bizitza duin baten alde, bizi izatea merezi duen bizitza baten alde. Zaintzak erdigunean eta pertsonak, eta ez kapitala, garrantzitsuena diren bizitza”.

Igor Arroyo: “Sistema errotik aldatu nahi dugu”

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok ere hitza hartu du goizeko ekitaldian, eta adierazi du gaur egun inork gutxik jartzen duela zalantzan aldaketa ekonomiko, sozial eta politiko sakonak gertatuko direla hurrengo hamarkadan, Euskal Herrian zein mundu osoan. Aldaketak nork gidatuko dituen eta zein den aldaketen norabidea dira jokoan dagoena.

Gure apustua zein den berretsi du Arroyok: “Batetik, Aldaketa prozesuaren kontrola hartu nahi dugu. Ekonomiaren gaineko kontrola, politika publikoen kontrola hartu nahi dugu. Herri burujabetza nahi dugu, herriaren aldeko politikak egiteko. Boterea hartu nahi dugu, instituzioetan, kalean, lantokietan eta baita ere etxean, gizonok ditugun pribilegioak auzitan jarriz. Bestetik, Sistema errotik aldatu nahi dugu. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri bat eraiki nahi dugu. Esplotaziorik gabeko eredu bat, patriarkaturik gabekoa. Eta norabide horretan, trantsizio ekosozialista eta feminista bat gauzatu nahi dugu Euskal Herrian”.

Programa sozioekonomikoa aurkeztu dugu, eta eztabaidatzen ari gara. Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidaren alternatiba integrala irudikatzeko saiakera da. Lan Kode bat diseinatu dugu, Euskal Langileen Estatutu bat, erabat berritzailea eta iraultzailea. “Proposamen utopikoak dirudite. Baina utopiarik gabe ez dago mugimendurik”, adierazi du.

Idazkari nagusi ondokoaren hitzetan, “gu martxan gaude. Gu partida hau jokatzera goaz. Sistemari hordagoa botatzera goaz. Eta ez gaude bakarrik. Euskal Herrian bada eremu sozial, sindikal eta politiko zabal bat aldaketak eskatzen dituena; eta aldaketa horiek gauzatzeko boterea, burujabetza, eskatzen duena”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...