2024-11-22
HomeEkintza SindikalaHaurreskolak Partzuergoko grebak eta hezkuntza-zerbitzuak gizartearen babes zabala jaso du Jaurlaritzaren mututasunaren...

Haurreskolak Partzuergoko grebak eta hezkuntza-zerbitzuak gizartearen babes zabala jaso du Jaurlaritzaren mututasunaren aurrean

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoko langileen greba dinamika arrakastatsua eta langile, familia eta eragileen atxikimenduak balioan jartzen ditugu. Aldiz, gehiegizko zerbitzu minimoak, plantilaren greba eskubidearen urraketa, greba desitxuratzeko hauen inguruko interpretazio interesatuak eta Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna salatzen ditugu. Oztopo guztien gainetik, astelehenean hasi eta asteazkenean gauzatutako hiru egun hauetako grebaren %70eko jarraipenak indarra ematen digu gure helburuak bete arte mobilizatzen jarraitzeko.

Abenduan mobilizazio dinamika abian jarri genuenetik 8. greba eguna burutu eta gero, Eusko Jaurlaritzaren deiaren zain jarraitzen dugu. Bitartean, langileen lan-baldintzak okertu eta Haurreskolak Partzuergoa bera arriskuan jartzen dituzten aldebakarreko erabaki politikoak hartzen jarraitzen dute.

Gauzak horrela, Haurreskolak Partzuergoa 2003an sortu zenetik Hezkuntza Sailak, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzorde desberdinek egindako kudeaketa eta alde sozialak egindako lana zalantzan jarri ostean eta bi hilabetez Hezkuntza Sailaren berririk gabe egon eta gero, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok mobilizazioekin jarraitzea baino ez zaigula geratzen azpimarratu nahi dugu.

Halaber, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.

EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu. Non geratu da Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera? Eta, erabateko doakotasunerako urratsak?

Era berean, gogorarazi nahi dugu Haurreskolak Partzuergoak bizi duen gatazka non oinarritzen den eta mahai gainean ditugun aldarrikapenak zeintzuk diren:

– Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean.

– Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

– Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.

– Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.

– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.

– Aurrekontua handitzea.

Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikarekin bat egin edota herrietan antolatu dituzten ekimenetan parte hartu duzuen langile guztioi, hezitzaile zein kudeaketa langile izan. Gatazkari babesa erakutsi eta laguntza eskaini diguten familiei ere, nola ez, gure eskerrik beroenak.

Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu, denon artean lortuko dugu! Gora Haurreskolak Partzuergoko langileon borroka!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.