2024-11-25
HomeEkintza PolitikoaMartxoaren 8an, sektore feminizatuen duintasuna eta aitortza aldarrikatuko ditugu #FuntsezkoakBeti

Martxoaren 8an, sektore feminizatuen duintasuna eta aitortza aldarrikatuko ditugu #FuntsezkoakBeti

Erraza da zaintza langileak funtsezkoak direla eta beraiek gabe bizitza ezinezkoa dela esatea. Askotan nabarmentzen da egiten duten lana ezinbestekoa dela eta lehen lerroan egon direla pandemia osoan, guzti guztia ematen. Hunkigarria da txalotzea eta egiten duten lanaren garrantzia goraipatzea.

Baina hau guztia praktikan jarri behar denean bukatzen dira erraztasunak, eta oztopoak besterik ez dira jartzen. Ez dira berez txarrak ziren lan baldintzak hobetu, ez dira plantillak indartu, ez dira ratioak handitu hirugarren adineko egoitzetan, ezta etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere. Lan osasuna ziurtatzeko ezer ez. Etxeko langileen eskakizunen aurrean ezer ez. Migranteak gehienak, ikusezinak eta prekaritate gordinean berriro ere. Egiten dutena behar beharrezkoa da eguneroko zaintzan, baina ikusezinak jarraitzen dute, prekaritatea besterik ez. Esanak esan, aitortza sozial, politiko eta ekonomikorik gabe orain ere. Aitortzeak hasieran esandako guztia errealitate egitea ekarriko lukeelako, eta hori ez da gertatu. Prekaritatea kronifikatu eginda sektore feminizatuetan.

Ez da kasualitatea emakumeak* izatea lan prekarioenak betetzen ditugunak; zaintzarekin eta bizitzaren iraunkortasunarekin lotzen diren lanak, hain zuzen ere. Sistema kapitalistari bost axola zaiolako bizitza, bere intereserako explotatuko duen lan indarra behar du, hori da axola zaiona, eta emakumeak* badira askoz hobe. Sistema, gaur dagoen bezala, ez litzateke bideragarria izango eguneroko lanak aitortuko balitu, ikusten ez den eta prekarioan egiten den milioika emakumeen* lana aitortuko balitz.

Lan merkatu arautuan sektore feminizatuetan ikusten ditugun baldintzak onartezinak dira: miseriazko soldatak, asko 1.000 eurotik beherakoak. Lanaldi partzialak, behin behineko kontratuak, hitzarmenik ez… Justizia sozialetik begiratuz gero, jasangaitzak dira arautu gabeko sektoreetan eta ekonomia murgilduan ari diren emakume* zaintzaileen egoera. Ezin ditugu onartu.

Zaintzen berrantolaketa sozialaren eta demokratizazioaren aldeko urratsak egin behar ditugu, urgentziazkoa da. Bidezkoa den banaketa egin behar dugu. Negozioa egiteari utz diezaiotela. Sistema publiko komunitario baterako oinarriak jarri behar dira, pertsona guztiak behar dugun momentuan zainduak izango garela ziurtatuko duena. Zaintzaileetzat zein zainduentzat duinak diren baldintzetan egingo direla bermatuko duena. Horrela egiten badugu, ez da inor zapaldu beharko norbaitek zaintzak behar dituelako. Hori da gaurko egoera.

Emakume* langileok borrokan jarraituko dugu gure eskakizunak lortu arte:

> Zaintza lan guztien duintasuna ziurtatzea. Aitortza politiko, ekonomiko eta soziala.

> Lan baldintza egokiak sektore feminizatu guztietan.

> Zaintza lanak publifikatzea. Negozioarekin bukatzea.

> Soldaten genero arrakala deuseztatzea.

> Zaintza langile guztien erregularizazioa. Zaintzaile bat ere ez eskubiderik gabe.

> Sexuaren araberako lan banaketa gainditzea.

> Zor patriarkala aitortzea.

> Hitzarmen kolektibo propioak eta bertakoak sektore feminizatu guztietan.

Emakume* langileok borrokan!

#FuntsezkoakBeti

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.