LAB sindikatuaren EHUko atal sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin da Gasteizen, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia den Unibasq-en egoitzaren aurrean, EHUko aldi baterako irakasle-ikertzaileek ikerketa-seiurtekoak jasotzeko eskubiderik ez dutela salatzeko.
Protesta honen bidez, aldi baterako irakasle-ikertzaileek pairatzen duten diskriminazioa salatu dugu; honako honetan ikerketa-seiurtekoak eskatzeko aukera ukatzen dietelako, hain zuzen ere. Kontratu iraunkorra duten irakasle-ikertzaileek sei urtetan metatutako ikerketa-merituak ebaluaziora aurkezteko aukera daukate, promozio akademikorako zein oinarrizko soldata osatzeko garrantzitsua dena. Hala ere, iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei ukatzen diete aukera hori meritu nahikoak izan arren; iraunkorrek aurkezten dituzten meritu berdinak frogatu arren…
Diskriminazio hau ez da berria, baina aurten aukera berri bat ireki da tokiko ebaluazio agentziek irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ikerketa merituen ebaluazioa bideratu ahal izateko. EAEko Gobernuaren menpekoa den Unibasq-ek, ordea, ate hori itxi egin du, aldi baterako irakasle-ikertzaileen kolektibo honen diskriminazioa mantenduz. Era berean, EHUko gobernu taldeak, Unibasq-en Gobernu kontseiluan presentzia izanda, ez du inolako ekimenik izan beren langileen alde. Epaitegi batek behartu arte itxarotea erabaki dute. Merkeago ateratzen da unibertsitatean ikertzen duen kolektibo zabal hau diskriminatzen jarraitzea… Gero erantzukizun sozialaz eta bikaintasunaz hitz egingo digute.
Elkarretaratzea bukatzean, agiri bat entregatu dugu Unibasq-en, seiurtekoen deialdian aldi baterako irakasle- ikertzaileek parte hartu ahal izateko eskatuz, baita kolektibo honen kideek beren ikerketa-merituak ebaluatuak izateko aurkeztu dituzten eskariak aintzat hartzeko eskatuz ere.