2024-11-23
HomeEkintza PolitikoaEPPKren urratsek konponbide prozesuari egiten dioten ekarpenaren garrantzia azpimarratzen du LABek

EPPKren urratsek konponbide prozesuari egiten dioten ekarpenaren garrantzia azpimarratzen du LABek

«Sindikatuak 2014an dispertsioaren amaitzea helburu, mobilizazietan sakontzeko deia luzatzen dio euskal jendarteari»

EPPK, euskal presoen politikoen kolektiboko kideek, Euskal Herrira ekartzeko eskaerak aurkeztuz abiatu duten dinamikaren aurrean LAB sindikatuaren adierazpena.

LABen adierazpena


EPPKren urratsek konponbide prozesuari egiten dioten ekarpenaren garrantzia azpimarratzen du LABek eta 2014an dispertsioaren amaitzea helburu, mobilizazietan sakontzeko deia luzatzen dio euskal jendarteari

EPPK, euskal presoen politikoen kolektiboko kideek, Euskal Herrira ekartzeko eskaerak aurkeztuz abiatu duten dinamikaren aurrean LAB sindikatutik honakoa adierazi nahi dugu:

-Euskal Herrian abian dugun aro berri honetan, bake eta konponbide prozesuaren alde Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako jarrera politikoaren ondotik dator urratsa. Pauso garrantzitsua da, gatazkaren konponbidean euskal preso politikoen parte hartzea ezinbestekoa dela ulertuta, norabide horretan kokatzen delako. Hartutako erabaki eta konpromisoetan bidea egiten ari da kolektiboa, bere ekarpenekin prozesuak aurrera egin dezan ateak irekiz.

-Ez Euskal Herrian, ez beste ezein herritan, ez dago normalizazio politiko posiblerik ehunka preso politiko espetxean mantenduz. Gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egingo bada presoen afera askatu beharra dago. Euskal Herrian une honetan lehentasunezko gaien artean dugu honakoa, horrela erakutsi du euskal jendartearen gehiengoak, eta horrela adierazi, egindako mobilizazioetan, urtarrilaren 11koa kasu. Euskal eragileon, euskal alderdi politiko eta instituzioen erantzukizuna da herriaren nahia eta aldarria bakoitzak berera ekarri, konpromisoak hartu eta urratsak egitea, espainiar Gobernuari prozesua bloketatzeko giltza kenduz.

-2014. urteko lehentasunen artean daude gaixo diren presoen kaleratzea eta dispertsioarekin amaitzea. Espetxe politika honekin amaitzea lortu behar dugu eta lortuko da, euskal jendarteak horrela nahi eta babesten badu. Hala, euskal langileei zehazki eta jendarteari orohar, mobilizazioetan sakontzeko deia egiten diegu. LABek bere egiten du konpromiso hori, eta lantokiz lantoki, EPPKren erabaki eta urratsen garrantzia ezagutarazi eta presoen eskubideen aldeko borroka indartzen jarraituko dugu.

Euskal Herrian, 2014ko martxoaren 12an

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.