LAB sindikatuak oso kaltegarria iritzi dio joan den astean Cie Legazpi enpresan sinatu akordioari, non ELA sindikatuak enpresa batzordearen gehiengo osoa duen.
Bateragarriak diren bi negoziazio eremuak, sektorea eta enpresa, ez uztartzea patronalaren aspaldiko ametsa izan da. Eremu baten edo bestearen alde hautatu egin behar genuen. Hauxe izan zen ELAk eta LABek sinatutako azken hitzarmenean gatazka puntu garrantzitsuenetako bat. Orduan Adegik ez zuen lortu, orain ELAk enpresaz enpresa horrelako akordioen bidez oparituko al dio Adegiri aspalditik izan duen ametsa?
Akordio hau, hortaz, ez da borrokak ekarritako lorpen sozial batzuen ondorio, baizik eta, argi eta garbi, haiek erabiltzeari uko egitearen emaitza. Enpresaburuen eta lan erreformaren helburu dugu, hain zuzen. Enpresak esango digu noiz eta zergatik mobilizatu behar izango dugun! Benetan lotsagarria!
Soilik enpresaren eremuan negoziatzearen ereduak berekin duen muga eta porrotoaren adierazle da akordioa. Horrekin ez dago irtenbiderik. Enpresa mailara mugatuz ahulagoak gara, eta akordio honek hori frogatzen du. Hau guztia irabaziak eta lan eskaria handia duen enpresa batean gertatzen da gainera.
Azkenik esan, klase sindikalgintza orok babestu behar dituen balioekin guztiz bateraezina dela. Nire eskubideak ez daitezke gainontzeko langileen miseriaren gainean eraiki. Honek dakarkigu, langilea langileen etsai izatea eta enpresaburuen txotxongilo bihurtzea. Nire gaurko eskubide hauek etorkizuneko miseria dakartza. Horixe da hain zuzen Adegik atsegin duen eredua.