2024-11-22
HomeEkintza SindikalaEnplegu publikoan dagoen behin behinekotasunarekin berehala amaitzeko exijitu dugu Donostian

Enplegu publikoan dagoen behin behinekotasunarekin berehala amaitzeko exijitu dugu Donostian

Jaurlaritzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalen ekimenez, hiru instituzio nagusi hauetako langileak, finko zein interinoak, elkartu gara Donostiako Alderdi Ederrean, enplegu publikoaren kontsolidazioa eta behin-behinekotasunaren amaiera aldarrikatzeko.

Lehenik eta behin, LABetik administrazioan hutsik dauden lanpostu guztiak bete behar direla aldarrikatzen dugu, lanpostuen amortizazioari zein pribatizazio edota subkontratazioari ateak guztiz itxiz.Gainera, kontuan hartu behar da interinoen errealitatearen inguruan plan bat bideratu beharra dagoela. Izan ere, bereziki kolektibo horrek jasaten ditu administrazioak bere erantzukizunak, behin eta berriz, ez betetzearen ondorioak. Aspaldian LEP deialdirik egon ez denez, kolektibo guztiz ahul bat sortu da, eta, igarotako urteekin, neurri batean, babesik gabe dagoela esan dezakegu.

Argi dago urteak igaro ahala langile horietako askoren ahalmen eta egoera pertsonalak zein osasunekoak aldatu egin direla. Horren ondorioz, kolektiboak ziurgabetasun-egoera bizi   du edozein lan-eskaintza deialdiren aurrean. Administrazioa ezin da egon lanpostuak eskuratzeko prozesu hauen deialdiak denbora egokietan ez egiteak sortzen dituen arazo horietatik at.

LABen ustez, ezinbestekoa da bi egoera horiek uztartzea, administrazioarentzat eta eragindako kolektiboarentzat irtenbide egoki bat lortzeko. Horregatik Enplegu Publikoa indartzeko Plan Berezi bat aldarrikatzen dugu eta baita instituzioetan langileen ordezkariekin elkarrizketa eta negoziazio prozesuak zabaltzea, aurrera begirako planak adostuak izan daitezen eta ez inposatuak. Norabide horretan, instituzio ezberdinetan LABek negoziaziorako oinarria izan daitezkeen planak aurkeztu ditu eta beste sindikatuekineta administrazioarekin negoziatzeko prest dago, dagoeneko martxan dauden eta etorriko diren Enplegu Eskaintza Publikoek errealitate horri erantzun diezaioten.

Borroka hasi baino ez da egin. Gure asmoa gaurko ekimen hau sindikatu guztiek bateraturik egitea zen eta horrela aurkeztu genuen Langile Batzordeetan. Tamalez, ez da posible izan. Etorkizunean denok bat egiteko ahalegina ez baztertzeko hitza ematen dugu, finean, guztion batasunak emango baitigu indarra administrazioen politika neoliberalei aurre egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.