2024-11-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa aurkeztu dugu

Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa aurkeztu dugu

Lan, pentsio eta bizitza duina bermatzeko proposamen zehatzak biltzen dituen Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzarako zirriborroa osatu dugu. Otsailaren 19an, lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatzeko manifestazio historikoaren urteurrenean, jardunaldiak egingo ditugu Donostian, beharrezkoa den herri eztabaidari ekarpena egiteko. Honen guztiaren berri eman dugu, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoaren eskutik.

1994ko otsailaren 19an manifestazio historikoa egin zen Bilbon. Ekimen hark garai berri bat ireki zuen: lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren aldarrikapena bilakatu zen euskal sindikalismoaren ardatz nagusietakoa. 

Urte batzuk beranduago, 2005ean, Programa Sozioekonomikoa aurkeztu zuen LABek, hala euskal esparru sozioekonomikoaren nola lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparruaren definizioan ekarpena egiteko asmoz. 

Ordutik hona, eredu aldaketaren premia are eta nabarmenagoa bilakatu da. Sistema kapitalistak bizitzaren eremu guztietara hedatu den pribatizazio eta prekarizazioaren alde egin du. Eta Euskal Herrian kontrabotere sindikalismo indartsua garatu da; euskal langileok hainbat greba eta mobilizazio burutu ditugu, patronalaren asmoei mugak jarri, politika publikoak baldintzatu eta akordio garrantzitsuak lortuz.

Covid-19aren harira  bizitzen ari garen sindemiak azkartu baino ez ditu egin aurretik kapitalismoak bizi zituen krisi askotarikoak. Larrialdi egoera batean gaudela esan dezakegu: sistema kapitalista heteropatriarkalak pertsonen eta planeta beraren biziraupena arriskuan jarri du. 

Testuinguru horretan, are garrantzitsuagoa da eredu sozioekonomikoa, lan harremanak eta babes soziala birpentsatzeko herri ariketa egitea. Bide horretan ekarpena egin asmoz, bere Programa Sozioekonomikoa berritu egin du LABek, honako lau oinarrien hauen arabera: demokratizazioa, feminismoa, ekosozialismoa eta nazio garapena.

Euskal esparru sozioekonomikoaren definizio orokorrarekin batera, sei eremu estrategikotan banatutako 120 neurri bildu ditu Programaren baitan: lurra eta lurraldea; zaintza; osasuna; ezagutza; industria; eta oinarrizko zerbitzuak.

Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi ondokoak adierazi duenez, “eredu ekonomikoa aldatuko dela eztabaidaezina da. Bi auzi daude jokoan: aldaketa horren norabidea zein izango den eta aldaketa nork gidatuko duen. Europako funtsekin ikusi den bezala, eta energia fosilen nahiz materialen agortzeak akuilatuta, Kapital trasnazionalak bere interesen arabera gidatutako ekoizpen ereduaren erreforma soila egin nahi du. Aldiz, Euskal Herrian bada bi oinarritan ados datorren esparru sozial, sindikal eta politiko zabala: euskal jendarteak ekonomiaren gaineko kontrola berreskuratu behar du, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioa egiteko”.

Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza

Era berean, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakonaren emaitzak jasotzen dira LABen Programa Sozioekonomiko berrituan. Idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Madril zein Parisko Gobernuetatik inposatuko lan eta pentsio erreforma desberdinek behin behineko kontratuen gehiegizko erabilera sustatu eta kaleratze libreari ateak ireki dizkiete, oso erraz suntsitzen den enplegua sortuz. Pentsio sistema publikoa ahuldu dute. Zaintza lanak ez dituzte aintzat hartu eta sexuen araberako lan banaketa betikotu dute; emakumeen lanak aitortza ekonomiko eta sozial baxuagoa du, sektore feminizatuen prekarietatea eta soldata arrakala eraginez”.  

Aranburuk esan duenez, “lan harremanek, pentsio sistemak eta babes sozialak eraldaketa sakon baten beharra dute. Eta eraldaketa hori Euskal Herrian egin behar dugula uste dugu. Madrilen Gobernu berria osatu zenetik, PPren lan erreforma atzera botatzeko asmoa adierazi bai baina urratsik ez da eman. Euskal Herrian lan, pentsio eta babes sozial gaietan erabaki ahalmen osoa behar dugu, herritar guztiei lan, pentsio eta bizitza duina bermatuko dizkien egiturazko neurriak ezartzeko, hala nola, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza”.

Honako hauek dira LABek proposatutako Euskal Lan Kode eta Gizarte Segurantzaren oinarri nagusiak:

    â€˘ Lan guztien aitortza, enplegu forma ez ezik baita bizitza sostengatzeko ezinbestekoa den zaintza lanarena ere. Zaintza erdigunerako ekartzeko proposamenak biltzen ditu Lan Kodeak eta oro har Programak: zaintza sistema publiko komunitarioa; enplegura eskainitako denboraren murrizketa; eta erabat berritzailea den eta propio sortutako funts baten bidez finantzatuko litzatekeen zaintzagatiko etete ordaindua. Zaintza lanetan dagoenak, Euskal Herriko soldataren bataz bestekoaren adinako ordainsaria jasoko du.  

    â€˘ Langile guztientzako lan araudi eta kotizazio erregimen berdina, klase subjektua berrosatu eta diskriminazioekin amaitzeko. 

    â€˘ Enplegu bermatua: herritar guztiok dugu enplegu duin bat izateko eskubidea eta administrazioak dauka hori bermatzeko ardura. Sei hilabetetan egin ezean, administrazioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bermatu beharko dio enplegu eskatzaileari kalteordain gisa. Kontratuak mugagabeak izango dira eta kaleratze librea ezabatuko da. 

    â€˘ Lan guztien eta ondasunaren banaketarako egiturazko neurriak: 30 orduko lan-astea eta 1.400 euroko hileko gutxieneko soldata gordina 14 ordainsaritan banatuta (Euskal Herriko batazbestekoaren %60). Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean aldarrikatutako 35 orduko lanaldiaren eta 1200 euroko gutxieneko soldataren alde borrokatzen jarraitu behar badugu ere, bada garaia beste urrats bat aldarrikatzeko, zaintza lanei denbora gehiago eskaintzeko, digitalizazio eta trantsizio energetikoaren erronkari aurre egiteko.

    â€˘ Era berean, gehieneko soldata gutxienekoarekiko 1:3 proportziora mugatzea proposatzen du LABek, bai ondasunaren banaketaren ikuspegitik baita Euskal Herriaren aztarna ekologikoa murrizteko neurri gisa. 

    â€˘ Pentsioei dagokionez, sistema publiko eta unibertsalaren alde egiten du LABek, pentsio sistema osagarririk gabe. Erretiro adina 60 urtera aurreratu eta 58 urtetik aurrera erretiro mailakatua ezarri, lehen urtean %40koa eta bigarren urtean %20ko lanaldiarekin. Era berean, gutxieneko pentsioa lanbidearteko gutxieneko soldatarekin parekatzea proposatzen dugu, trantsizio gisa 1.080 euroko gutxieneko pentsioen alde borrokatzen jarraitu beharra badago ere. 

    â€˘ Egungo elkarrizketa sozial eredu agortuaren ordez, langileen hitza kontuan har dadin erakunde berri baten sorrera proposatzen du LABek: langileen bozkaz hautatutako Lanaren Kontseilua. Gobernuaren lana ikuskatu eta langileei eragiten dieten gaiei loturiko lege proposamenak egiteko ahalmena izango luke instituzio berri honek.

Prozesu parte hartzailea

Programa Sozioekonomikoa modu dinamiko, ireki eta parte hartzailean landuko du LABek datozen hilabeteetan. Batetik, afiliazio guztiari zabalduko zaio ekarpenak egiteko aukera eta ostiral honetan bertan, otsailak 19, gaiez gai sakontzeko mintegiak egingo dira. 

Bestetik, eragile sindikal, politikoekin eta sozialekin, pentsionisten elkarteekin, mugimendu feministarekin, jatorri anitzeko langileen eskubideen defentsan ari direnekin, gazteeekin, mugimendu ekologistarekin harremanetan jarriko gara, baita langile kolektibo prekarizatuak ordezkatzen dituzten eragileekin ere (etxeko langileak eta ridersak kasu) gure ekarpenaren berri eman eta besteon ekarpen eta iritziak entzuteko asmoz. 

Ekimen honen bidez, premiazkoa ez ezik posible ere baden mundu berri bat irudikatzeko ariketa kolektiboa sustatu nahi du LABek, Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatzeko beharrezkoak diren aliantzetan sakontzearekin batera.  

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

BetiOn Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren hitzarmena sinatu dugu, gutxieneko %30,08ko soldata-igoerarekin

Ostegun honetan, azaroaren 21ean, LAB sindikatuak hitzarmen kolektiboa sinatu du EAEn telelaguntzako eta jarduera soziosanitario osagarrietako zerbitzu publikoa kudeatzen duen Ilunion sozio-sanitario-Ibermática Aldi Baterako Enpresa Elkartearentzat. Honek 80.000 herritar baino gehiago artatzen ditu.Negoziazio luzea eta gogorra izan da. Bi enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako negoziazioa, azken honek pribatizatzen baitu langileek ematen duten zerbitzu publikoa. Hala ere, langile nekaezin eta aktiboek egindako borrokaren ondorioz, hobekuntza oso garrantzitsuak lortu dira:Soldata-igoera • Gutxienez % 30,08ko soldata-igoera lortu da. Gainera, KPIari lotutako igoera da, eta hori bermatzeaz gain, erosteko ahalmena benetan berreskuratzea dakar. • % 30,08ko igoera hori, oinarrizko soldatari ez ezik, soldata-osagarri guztiei ere aplikatuko zaie.Lanaldi-murrizketa Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta orain artekoa ia hiru lanaldi osotan murriztuko da.Lizentziak, familia-kontziliazioa eta urteko lanaldia doitzeko egunak: • 12 urtetik 14ra igotzea zaintzagatiko lanaldi-murrizketa. • Ordaindutako lizentzia guztiak parekatzea ahaidetasun sozial gisa izendatutako pertsonarentzat. • Malgutasun handiagoa urteko lanaldia doitzeko egunetan. • Hitzarmen bidez erregularizatzea jaiegun arruntetan lan egiteagatiko konpentsazioa, errege-dekretuaren arabera, LABek aurretik aurkeztutako salaketaren aurrean.LABen argi dugu lortutako hobekuntza guztiak langileen zati handi batek egindako mobilizazio, greba eta batzarrei esker lortu direla. Borroka honek merezi izan du.Jakin badakigu oraindik eduki garrantzitsuak daudela lortzeko, eta LABek horiei aurre egiten hasi nahi du. Sindikatu honek argi dauka BetiOneko langileek zerbitzu publikoa ematen duela eta langile publikoak direla.Gaurtik aurrera, LAB lanean hasiko da langileekin publifikaziorako bidea eta urrats zehatzak adosteko, eta hori onuragarria izango da bai langileentzat bai zerbitzu horren erabiltzaileentzat.Amaitzeko, LABek bere onespen zintzoa adierazi nahi die lan-baldintza bidezkoagoen alde borrokatu diren pertsona guztiei. Iritzi desberdinak, beti legitimoak eta askotan beharrezkoak izan arren, egindako bidea egin gabe ez ziren hobekuntza garrantzitsu horiek lortuko.

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.