2024-12-19
HomeEkintza SindikalaGreba Iruñeko udal haur-eskoletan erregimenaren euskarafobia salatzeko

Greba Iruñeko udal haur-eskoletan erregimenaren euskarafobia salatzeko

Erregimenaren Euskarafobia salatzeko LABek eta CCOOk Iruñeko Udal Haur Eskolen Erakunde Autonomoan egindako greba-deialdiaren jarraipena guztiz ona izan da. Iruñeko Udaleko fobia, oraingo honetan, datorren ikasturterako egin duen eskaintzaren proposamenean islatu da. Izan ere, 16 haur eskoletatik euskarazko murgiltze-eredua bakar batera murriztu du, azken 40 urteetan egindako ibilbide pedagogiko arrakastatsua bertan behera utzirik.

LABek eta CCOOek Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoan gaurko deitu duten grebaren jarraipena %86koa euskarazko eskoletan, eta %62koa orokorrean. Tamalgarritzat jotzen dugu Afapna sindikatuak azken orduan greba bertan behera utzi izana, ez baitugu oso ondo ulertzen zerk bultzatu dituen erabaki hori hartzera. Salatu nahi dugu, halaber, erakundeko gerentziak agindutako zerbitzu minimoen ondorioz, langileen ia erdiari grebarako eskubidea ukatu zaiela. Gainera, Jose Ramon Rabade gerenteak gutxieneko zerbitzuen inguruan egin duen kudeaketa ezin txarragoa azpimarratu nahi dugu, astearen hasieran langileen batzordearekin adostutako ebazpena atzera bota eta erabateko abusua suposatzen duen beste bat ezarri baitzuen ondoren.

Hala eta guztiz ere, gure poza azpimarratu nahi dugu, grebaren jarraipena masiboa izan baita. ehunka lagunek babestu dituzte langileak Hezkuntza Departamentutik abiatu eta Nafarroako Diputazioan amaitu den manifestazioan, ibilbidean zehar Iruñeko Udalaren proposamena aurrera ateratzeko ardura dutenak seinalatuz; beraien erabakiak zuzen eta bortizki eragiten baitie herritarron euskara-eskubideari zein eskoletako kudeaketari. Familien babesa ere jaso dugu, neurri handi batean ez baitituzte seme-alabak eskolara eraman, bai eta herritarrena eta sindikatu batzuena ere, proposamen honen gehiegikeria eta inposaketa salatzeko.

Azkenik, gaur arratsaldean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu:

– 16: 30ean elkarretaratzea egingo da Udaletxe Plazan, CCOOk eta LABek deituta.

– 17: 30ean, manifestazio bat, goizekoaren ibilbide berarekin, oraingoan Haur Eskolak Euskaraz plataformak deituta.

Egoeraren larritasunaren eta Nafar Gobernu “aurrerakoiak” erakutsitako utzikeriaren aurrean  -dirudienez, Iruñeko Udalaren proposamen atzerakoia onartzeko arazorik ez du izango-, muturreko egoera honetan, eta euskarari eta eskoletako pedagogia-printzipioei eraso egin ondoren, Erakundeko langileei greba-deia egitea beste aukerarik ez zaigu geratu.

Mila esker grebarekin bat egin duzuen guztioi. Euskaraz bizi, hezi eta lan egin nahi dugu! Euskarafobiari Stop!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatu diogu Portu Agintaritzari

LAB sindikatuak gutun bat erregistratu du Santurtziko Portuko Agintaritzan, honi eskatuz nazioarteko zuzenbideko arauak betetzeko erantzukizuna bere gain har dezan eta Palestinako genozidioa eta mundu osoko gerrak sostengatzen dituzten armak eta edozelango gerra materiala bidaltzea eragotz dezan eskatzeko.

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa 4 egoiliarreko langile 1ekoa izatea exijitzen dugu

Konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo diogu Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurka. Horrela, zuzenean interpelatzen ditugu Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza, eta Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun egiten ditugu.

EAJk EITB bere alderdi interesen mesedetan erabiltzeko duen asmoa salatu nahi dugu

LABek gogor salatu nahi du EAJk, beste behin ere, EITB bere alderdi interesetarako erabiltzeko erakutsitako asmoa, eta, oraingoan gainera, batere lotsarik gabe eta inpunitate osoz, publikoki adierazi izana.