2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaDeustuko Etengabeko Arreta Gunearen gaueko zerbitzuaren itxiera salatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, 18.000...

Deustuko Etengabeko Arreta Gunearen gaueko zerbitzuaren itxiera salatu dugu Gasteizko Legebiltzarrean, 18.000 sinaduren babesarekin

Sindikatuok, Deustuko Etengabeko Arreta Guneko (EAG) langileekin batera, elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Osakidetzak zerbitzuaren gaueko txanda behin betirako itxi duela salatzeko. Hain zuzen ere, zerbitzu publiko hori kentzearen aurka bildutako 18.000 sinadura baino gehiago entregatu ditugu.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT, ESK eta SME sindikatuok eta Deustuko EAGko langileek hilabeteak daramatzagu salatzen Osakidetza pandemiaz eta horren ondoriozko nahasmenaz baliatu dela, aitzakia gisa, ematen duen osasun-arretaren eskaintza murrizteko. Hain da horrela, ezen, gure aldetik egindako presioa eta guzti, azkenean itxi baitu Deustuko EAGko gaueko zerbitzua, 2021eko otsailaren 1era arte irekita egon dena.

Murrizketa hori aspalditik zegoen jasota Osasun Sailaren ibilbide orrian, baina orain pandemiak ekarri duen ekaitz perfektua aprobetxatuz aplikatu da. Aurrerantzean osasun-zerbitzu publiko hori ez zaie eskainiko herritarrei, oraingo honetan bilbotarrei; erabaki horrek, gainera, ondorio larriak eragingo dizkie bai gaixoei, eta baita osasun-sistema publikoari berari ere. Gogora ekarri behar dugu EAGak arreta-maila bat direla, hain premiatsuak ez diren (premiazkoak bilakatu litezkenak) baina arreta behar duten larrialdiak artatzeko, nahiz eta premia hori ez izan ospitaleko larrialdietan artatzeko bestekoa.

Horrela, neurri horrek ospitaleetako larrialdiak gehiago kargatzea dakar, Basurtuko Ospitalekoak kasu honetan. Zeren ospitaleko larrialdiei ez dagozkien patologiak eta egoerak hara bideratuko baitira, ospitaleetako larrialdi-zerbitzua kolapsatu arte. Izan ere, oso larriak ez diren patologiak EAGn artatu beharko lirateke. Horrek, gainera, ondorio logiko hauek ekarriko ditu:

– Herritar gehiago pilatuko dira ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetako itxaron-geletan.

– Artatuak izateko itxaron-denbora luzatuko da, eta egoera saturatuz joango da.

– COVID-19arekiko esposizioa areagotuko da, osasun-gomendio guztien aurka.

Argi dago maniobra hori Osasun Sailaren eta Osakidetzaren estrategiaren barruan dagoela, EAGek ematen duten zerbitzua murrizteko edo are ezabatzeko. Izan ere, ez da gaueko ordutegian ixten duten lehen EAGa, eta ez da azkena izango, horrelakoak gertatzen uzten badugu.

Zerbitzu publiko horren itxiera saihesteko egindako dinamika guztien artean, urtarrilaren 28an hainbat eragilek, besteak beste, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Osaldek eta Bilboko Elkartasun Sareak mozio bat aurkeztu zuten Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran. Mozio horretan, Udalbatzari eskatu zioten Osakidetza eta Osasun Saila premiatu zitzan Deustuko EAGren aurrez aurreko larrialdien zerbitzuaren itxieran atzera egitera (00:00-08:00 bitarteko ordutegian). Baina mozio hori ez zen onartu; horren ordez, aurrera atera zen Udal Gobernuaren zuzenketa, EAJk eta PSEk prestatua. Horren bidez, Osakidetzari eskatu zitzaion xehe-xehe azter zezala lehen deskribatutako zerbitzua kentzearen ondoriozko eragina, eta baita zerbitzuaren balizko erabiltzaileei osasun-estaldura mantenduko zitzaielako bermea ere. Bitarteko irtenbidea, inon bada.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.