2024-11-22
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaUrteko lehen bi hilabetetan 9 dira lan ezbeharrean bizitza galdu duten langileak

Urteko lehen bi hilabetetan 9 dira lan ezbeharrean bizitza galdu duten langileak

Atzo, otsailak 25, beste langile bat hil zen Bizkaian, lan istripu ez traumatikoan, Trapagarango Nervacero enpresan. Lankidearen heriotzaren aurrean enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea abiatu du gaur eguerdiko 14.00etan. LAB sindikatuak bat egiten du lanuzte honekin, eta bere atxikimendua eman nahi dio komiteak bihar goizeko 11.30etan deitu duen mobilizazioari ere.

LABetik gure doluminak eta babesa helarazi nahi diegu hildakoaren familia, lagun eta lankideei.

Atzoko Gasteizen izandako lan ezbeharrarekin eta gaurko Nervaceroko jazoerarekin dagoeneko 2014an Euskal Herrian gutxienez 9 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz: 2 Araban, 3 Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 2 Nafarroan.

Atzokoan, gogoratu behar dugu, ISFATEC enpresako 50 urteko langilea hil zela, informazio ofizialen arabera, teilatuko lanetan ziharduelarik lurrera erori eta arnes baten bidez lotuta zegoen kamioiak arrastaka eraman zuenean. Langilearen heriotza, eta istripua eragin zuten baldintzak larriak salatzeko LAB sindikatuak, ostiralean, hilak 28, arratsaldeko 19:30etan Gasteizko Andra Mari Zuriko Plazan egingo duen ELKARRETARATZEAn parte hartzeko deia egiten dugu.

Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Atzo hildako langilea teilatuan ari zen lanean, eta sektore horretan nagusi diren prekarietateak, esplotazioa, lan baldintza txarrek eta lan erritmoak hil egiten dute. Gainera atzoko istripuan, itxura denez, irregulartasun eta lege-hauste oso larriak eman ziren, eta honek zoritxarrez, pasadan astean publikoki salatzen genuena BAIEZTATU besterik ez du egiten errealitatearen alde gordinena, lan istripuak eta bestelako osasun galerak bere horretan mantenduko direla eragiten dituzten lan baldintzak aldatu ezean, besteak beste, enpresen eta obretako kontrol eza, herrialdeko hitzarmenen urraketa sistematikoak, aldizkakotasuna, azpikontratazioa, etb.

Enplegua suntsitzen ari den eta jarduera ekonomikoa gainbehera etorri den ataka ekonomiko honetan, enpresek batetik prebentziorako inbertsioak murriztu dituzte, eta bestetik, lan osasuna eta segurtasuna galtzea eta kaltetzea eragiten dituzten egoerak sustatu dituzte. Gero eta ugariagoak dira enpresen jarduera irregularrak, ezbeharrak eta laneko gaixotasunak ez erregistratzeko.

Berriki LAB sindikatuak argi utzi du heriotza istripuen kopuruak onartezinak izaten jarraitzen dutela, sei minuturo lan ezbehar bat gertatzen dela Hego Euskal Herrian, eta langileen heriotzari lotutako datuen jeitsiera ez dela lan baldintzek eta osasunak hobera egin dutelako, baizik eta jende gutxiagok lan egiten duenez, istripuen kopurua orokorra urritzen delako. Honekin batera OZENKI SALATZEN dugu ISTRIPU GEHIEN EMATEN DIREN SEKTOREETAN, HAU DA, INDUSTRIA ETA ERAIKUNTZA SEKTOREETAN LAN BALDINTZAK ARE GEHIAGO KASKARTZEN ARI DIRELA. ATZOKO ISTRIPUAK HONAKO HAU BAIEZTATU BESTERIK EZ DU EGITEN.

Eraikuntza arloari lotuta, hain zuzen ere, pasadan astean LAB sindikatuak salaketa bat egin zuen Osalanen, berehala aktuatu zezaten prebentzio jarduera bezala, Gasteizko eraikin batean lanean ari ziren langileak inolako segurtasun neurririk gabe zihardutelako. Segurtasun falta horren aurrean, teknikariei berehalako prebentzio aktuazioa exijitu genien LABetik.

Bai Osalanek eta bai administrazioek ere enpresen eta sektoreen benetako egoera ondo baino hobeto ezagutzen dute. Langileek istripu asko sortarazten dituzten segurtasun elementuak salatzeko geroz eta arazo gehiago dituztela,lanpostua galtzeko beldurra handia dela, bai salaketa egiteko, bai aldi baterako ezintasun-egoeran egon behar denean. Gogoratu behar da, lan-erreforma indarrean sartu zenez geroztik, gaixotasunek edo ezbeharrek eragindako absentismoa langilea era bidezkoan kaleratzeko arrazoia izan daitekeela, eta enpresak horretaz baliatzen dira.

Negoziazio kolektiboaren erreformaren ondorioetako bat herrialdeko sektoreetako hitzarmen kolektiboetan jasotako gutxieneko bermeek indarra galtzea izan da. Horrek hitzarmen horietako lan-osasunari dagozkion klausulak (halakorik badago), hau da, 31/1995ko Lan Arriskuen Prebentzio Legean bildutakoa hobetu egin duten klausulak ere automatikoki erortzea dakar (adibidez, osasuna zaintzea aurreikusten duten hitzarmen askotako artikuluak).

Salatu nahi dugu, halaber, Urkulluren Gobernuak Laneko Arriskuen Prebentziorako Fundazio Laboralaren funtsen eredu estatalari men egin izana; hala, uko egin dio aurreko EAJko Gobernuak zuen posizio politikoari. Horren ondorioz erabaki genuen Osalango Kontseilu Nagusiko parte hartzea etetea 2010eko uztailean, Jaurlaritzak (CCOO, UGT eta CONFEBASKen laguntzarekin) bere eskumenei uko egiten dielako, eta horrek lan-osasuneko eredu propioa garantzerakoan atzerakada handia dakarrelako.

Langileok laneko gaixotasunekiko, eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz. Horrexegatik sustatu nahi du LAB sindikatuak LAN HARREMANETARAKO ETA BABES SOZIALERAKO EUSKAL ESPARRUA sustatuko duen bestelako EREDUA.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.