LAB sindikatuak Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kolektiboan egondako lan-istripu larria salatu nahi du. Atzo jakin genuen ostiralean langile bati bihotzekoak eman ziola. Larri dagoen langileari elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu. Laudioko ikastetxe publikoan gertatu da. Ez zaigu ahaztu behar, besteak bete, asteburuan beste lan-istripua egon dela Derioko GUFEko egoitza batean, non langilea bihotzekoa jota hil egin den.
LABek aspalditik salatzen ari da kolektibo honen egoera, non langileen %68 behin-behinekoa da (administrazioko kopururik altuena), langileek ez dituzte haien funtzioak zehaztuta, ordezkapenak ez dira betetzen, ratioak kontuan izanda laguntza kontratuak ez dira izendatzen eta covid-19ko errefortzuak ez dira kontratatzen hainbat ikastetxeetan, lan-zama gero eta handiago da,…
Azken urteetan, kolektibo honetan ari diren langileen kasuan hainbat gaixotasun profesional suertatzen ari dira eta baita, lan-istripuak. Lanpostu arriskutsuak direla esan dezakegu.
LABek kolektibo honen lanpostu guztien balorazioa eskatzen du, arriskuak ezagutu eta aztertu daitezen eta langileen osasun zaintza berma dezatela exijitzen du. Negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daiteke, langile guztientzako irtenbide egokia bilatuz. Kontsolidazio prozesuak behar dira eta egiteko lege propioa behar da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzunez.