2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaAdministrazio publikoetako behin-behinekotasunaren iruzurra bideratzeko proposamena aurkeztu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Administrazio publikoetako behin-behinekotasunaren iruzurra bideratzeko proposamena aurkeztu dugu Gasteizko Legebiltzarrean

Sindikatuok Gasteizko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean agerraldiak egin ditugu enplegu publikoaren diagnostikoei eta erronkei buruz. LABen Zerbitzu Publikoen Federazioko Gorka Berasategi eta Jon Otegik hartu dute parte agerraldian, eta, enplegu publikoaren eta kontratazioetan ematen diren iruzurren testuingurua azaltzeaz gain, bai Legebiltzarrak zein Eusko Jaurlaritzak dituzten eskumenak baliatuz negoziazio kolektibo zintzo baten bidez arazoa ondo bideratu daitekeela azaldu dugu. Parlamentarien kezkei erantzunez, negoziazio kolektibo ezagatik eta Jaurlaritzaren borondate faltagatik langile guztientzako irtenbide egokia greba eta mobilizazioen bidez borrokatu beharko dela argitu dute ere.

Testuinguruaren laburpen bat egitearren: 50.000 langile baino gehiago behin-behinekotasunean, iruzurra eta abusua eman da; administrazio batzuetan 20 urte baino gehiago lanpostu deialdirik gabe; 20.000 lanpostutik gora Lanpostu Zerrendetatik kanpo, administrazioek lotsagabeki onartuta; lanpostu guztiak ez dira betetzen; lan zamak eta ratioak jasanezinak; inposizioak, negoziazio kolektiboa ukatuta, aurrekontu neoliberalak, lege murriztaileak eta agintarien borondate falta…

LABek proposatzen duena kontsolidazio prozesuak egiteko lege propio bat da, salbuespen egoera bati salbuespeneko neurriekin erantzutearren. Hain zuzen ere, tresna legal ezberdinak barnebilduko dituen lege bat sortzea, gero administrazio bakoitzean bere errealitatea kontuan hartuta negoziazio kolektiboaren bidez erantzuteko. Iruzurrean dauden lanpostuak eta ratioak eta lan zamak behar bezala zainduta, behar direnak azalarazi eta deialdi egokiak egin. Murrizketak atzera bota, aurre-erretiroaren saria berreskuratzea kasu, eta oinarrizko zerbitzu publikoetan egin beharreko inbertsioa handitu eta babestu.

Azken finean, LABen betidanik aldarrikatu izan badugu ere, kalitateko zerbitzu publikoak bermatzeko kalitateko enplegu publikoa ezinbestekoa dela are argiago utzi du pandemiak eta Jaurlaritzaren kudeaketa negargarriak. Estatutik datozen inposizioen aurretik, parlamentuak bere ahalmen legegile osoa erabili eta Jaurlaritzaren norabidea aldarazi ahal eta behar du. Eta hori lortzeko langileok mobilizazioa dugu tresna.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.