2024-11-22
HomeEkintza SindikalaBeste lan heriotza bat, oraingoan Gasteizen; azken lau egunetan, hiru langile hil...

Beste lan heriotza bat, oraingoan Gasteizen; azken lau egunetan, hiru langile hil dira bihotzekoak jota

Gasteizen, FCC enpresako kale garbiketako langile bat, lanean zegoela, bihotzekoa eman eta bertan hil da. Azken lau egunetan, 3 langile hil dira bihotzekoak jota. Ostiralean, Bilbon, SADER enpresako 57 urteko langilea eta larunbatean, Derion, 52 urteko langilea, Bizkaiko Foru Aldundiko Errekalde zentroan.

Honekin, gutxienez 5 izan dira hildako langileak aurten Euskal Herrian. Eta gainera, Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du, iazko otsailaren 6tik, Zaldibarreko zabortegian.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu.

Larritzekoa da istripu hilgarri ez traumatikoen gorakada. Istripu guztien atzean lan eta bizi-baldintza kaxkarrak aurkitzen dira. Istripu ez traumatikoak bilakatu dira laneko istripu hilgarrien lehen arrazoia.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula; indibiduala, familiarra eta gizarte osoarena den lakra honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla. Lan harreman eta joko arauen aldaketa batetik etorriko da aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena beste guztiaren gainetik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.