2024-11-25
HomeEkintza PolitikoaPandemiaren urtean 22.500 lanpostu suntsitu dira Hego Euskal Herrian

Pandemiaren urtean 22.500 lanpostu suntsitu dira Hego Euskal Herrian

Iaz 22.500 lanpostu galdu ziren Hego Euskal Herrian, INEk gaur argitaratu duen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera. Horrek esan nahi du okupazioa %1,8 jaitsi dela aurreko urteko itxierarekin alderatuta. Hala ere, krisiaren lan-eragina ez da berdina izan biztanle guztientzat.

Suntsitutako enpleguari soilik dagokionez, emakumeak gizonak baino kaltetuagoak atera dira. Zehazki, emakumeen okupazioa %2 murriztu da, eta gizonen artean beherakada erlatiboa %1,7koa izan da.

Krisiak indar handiz jo du aldi baterako enplegua, eta horrek eragin bereziki negatiboa izan du gazteen enpleguan. Izan ere, 25 urtetik beherako gazteen artean lan-okupazioa %10,7 jaitsi da, eta gazteen langabezia-tasa %31,7ra iritsi da.

Emaitza horiek Europar Batasunaren buruan jartzen gaituzte gazteen langabezian, soilik Espainiako Estatuaren eta Greziaren atzetik. Baina, horrez gain, Espainiako Estatuarekin batera, behin-behinekotasunaren Europako rankingaren buru gara. Hain zuzen ere, gazteen langabezia eta behin-behinekotasuna dira gure lan-merkatuak pairatzen dituen arazorik larrienak.

Arazo horiek konpontzeko bidean jartzeak azken erreformak indargabetzetik harago joatea eskatzen du. Botere publikoek konpromiso serioa hartu behar dute belaunaldi gazteenak laneratzeko, eta aldi baterako kontratazioaren erabilera mugatu behar dute aldi baterako jarduerak edo aldi baterako zereginak betetzeko soilik.

Aitzitik, patronalak behin eta berriz esaten du lan-baldintzak okertu eta soldatak murriztu behar direla. Egia esan, betiko enpresa-estrategia bera da. Errezeta horiek konpetentzia zaharkitu eta antisozialaren aldeko apustua egiten dute, eta horrek ez du zerikusirik ekoizpen-sarearen modernizazioarekin.

Azkenik, zaila da errekuperazio prozesu sendo bat imajinatzea pandemia gainditu gabe. Hala ere, komeni da Europako laguntzekin finantza daitezkeen inbertsio-aukerak aprobetxatzea, betiere kalitatezko enplegua sortzeko eta langabeziak gehien zigortutako eremu edo udalerriak suspertzeko badira.

Oraingoz, Gasteizko eta Iruñeko gobernu autonomikoek inbertsio programa bana prestatu dute, parte-hartze demokratikorako gutxieneko irizpide onargarriak errespetatu gabe. Baina funtsen kudeaketa ahalik eta gardenena izatea eskatuko dugu, balizko bezero- eta ustelkeria-sareak mozteko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

EAEko aurrekontuak zehazterako orduan langileen parte hartzea bermatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur goizean egin den Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bileran, LABeko ordezkariek salatu dute EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu direla. Honetaz gain, proposamen zehatzak jasotzen dituen txosten bat helarazi diote Nöel D’Anjou Ogasun sailburuari.

Aldarrikatuko dugu Euskal Herriak ahots propioa izan behar duela CAF taldeko Enpresa Batzorde Europarrean

Azaroaren 27an bilduko da lehen aldiz CAF taldearen Europako Enpresa Batzordea izango denaren oinarriak adostu beharko lituzkeen negoziazio-mahaia. Bilera hau Beasaingo lantegian egingo da, 10:00etatik aurrera.
00:01:18

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean.