2024-11-22
HomeEkintza SindikalaOsasun publikoa denona eta denontzako izatea aldarrikatu dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Osasun publikoa denona eta denontzako izatea aldarrikatu dugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Hilabeteak daramatzagu mobilizazioetan. Osakidetzak mobilizazioa beste biderik ez digu utzi. Testuinguru horretan, pandemia aitzakia ezin hobea izan da murrizketak aplikatzen jarraitzeko. Hala, nahi beste arrazoi ditugu Osakidetzan greba egiteko, eta halaxe egin dugu urtarrilaren 28aren etorrerarekin, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Greba eta mobilizazio eguna izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta manifestazioak egin ditugu hiriburuetan, Osakidetzak dituen egiturazko arazoei konponbidea jar diezaieten exijitzeko.

Hauek dira sindikatuon aldarri nagusiak:

-Osasun publikoan inbertsio handiagoa behar dugu. Lehentasunezkoa da diru publikoa denontzako zerbitzuetan gastatzea. Hala ere, horri buruzko proposamenik ez egoteaz gain, Osasun Sailaren aurrekontuari buruz galdeturik sailburuak erantzuteari ere uko egin dio, Legebiltzarrean beharrezko azalpenak emanak zituela esanez.

-Egiturazko plantilla handitu behar da, eta behin-behinekotasunarekin amaitu. Langileak gainkargatuta eta gainezka daude, eta nork bere lanpostua finkatu behar du. 15.000 aldi baterako langile baino gehiago edukiz, behin-behinekotasuna %40koa izanik, Osakidetzak egin duen EPEaren proposamena, 3.500 lanpostukoa, ez da inola ere nahikoa.

-Lan-baldintzak Arautzeko Akordio berri bat behar dugu, duela 11 urte iraungi baitzen. Halaber, urte hauetan guztietan ezarri dizkiguten murrizketak lehengoratu behar dira: lanbide-garapena, Itzarri, erretiro aurreratuaren primak, eroste-ahalmena berreskuratzea. Osakidetzako Zuzendaritzak adierazi du akordio arautzaile berrirako gure proposamena aztertzeko borondatea duela, baina ez gainerako gaiak aztertzeko.

-Pribatizazioak amaitutzat jo behar dira. Azken urteotan pribatizatu diren zerbitzuak publiko bihurtu behar dira berriro. Horri heltzeko borondaterik ez dago.

-Langileen lan-osasuna noizko? Segurtasuna eta osasuna ziurtatzeko neurriak behar ditugu. FFP2 maskarak ez dira xuhurtu behar, protokolo bermatzaileak taiutu eta aplikatu behar dira, eta arrisku psikosozialak eta lan-kargak aztertu behar dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.