Gehiegizko zerbitzu minimoekin, greba desitxuratzeko hauen inguruko interpretazio interesatuekin; kasu batzuetan, txantaiak medio, plantilaren %100ak greba eskubidea urratuta eta bestelako oztopo guztien gainetik, urtarrilaren 27ko grebak %70eko jarraipena izan du. Abenduan mobilizazio dinamika abian jarri genuenetik eta laugarren greba egunaren ostean, Jaurlaritzaren deiaren zain jarraitzen dugu.
Langileen lan-baldintzak okertu ez ezik, Haurreskolak Partzuergoa bera arriskuan jartzen dituzten aldebakarreko erabaki politikoak direla-eta, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok greba eta mobilizazioetan jarraitzea baino ez zaigula geratzen azpimarratu nahi dugu. Era berean, Haurreskolak Partzuergoko eta EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei muzin egitea salatu nahi dugu.
Abenduaren 10 eta 16ko greben ostean, abenduaren 22an Jaurlaritzako Hezkuntza saileko hainbat ordezkari bertaratu ziren deitu zuten mahai negoziatzailera. Bilera horretatik Haurreskolen etorkizunaren inguruan genituenak baino zalantza eta kezka gehiago eta larriagoekin atera ginen. Nabarmendu nahi dugu Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak inposatutako gai- ordenarekin burutu zela bilera eta aldarrikatzen ari garen puntuetako bakar bat ere ez zutela gehitu, aldez aurretik espresuki eskatu genien arren.
Haien asmoa kudeaketa-langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea da, horregatik ez zuten negoziaziotzako inolako dokumentaziorik aurkeztu. Aurreakordio hau orain dela urtebete sinatu bazen ere, oraindik ez dute bete. Gainera, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe. Gauzak horrela, 2009ko lan-hitzarmena sinatu osteko hitzartu diren akordio guztien zilegitasun juridikoa zalantzan jartzen dute.
Honekin guztiarekin zalantzan jartzen dute Haurreskolak Partzuergoaren 2003ko sorreratik Hezkuntza Sailak, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzorde desberdinek eta aurreko gerenteak egindako kudeaketa.
Beraz, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.
Hau guztia gutxi balitz, abenduaren 22ko bileran bertan Haurreskolak Partzuergoaren etorkizunaren gainean egindako adierazpenek izugarri kezkatzen gaituzte. Besteak beste, haurreskola txikien biziraupena zalantzan jarri zuten, Haurreskolak Partzuergoa landa eremuaren garapenerako testuinguruan sortu zenean.
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EAEko Hezkuntza saileko sailburuari, Jokin bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu.
Halaber, non geratu da Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera? Eta, erabateko doakotasunerako urratsak?
Hemen gauden sindikatuok ere argi daukagu Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin- behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dugula. Era berean, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna integrazioan eta doakotasunean oinarrituko dela tinko sinesten dugu. Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok langileei eta jendarteari argi adierazi nahi diegu egoeraren larritasuna eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra, gaurko laugarren greba egun honetan oraindik ez dugulako egoerari erantzungo dion mahai negoziatzailerako deirik jaso. Gauzak aldatu ezean, Haurreskolak Partzuergoko langileak 2021eko otsailaren 22, 23 eta 24an grebara deituko ditugu, honako eskaera hauen defentsan:
– Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
– Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
– Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
– Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduenhorniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
– Aurrekontua handitzea.Bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikarekin bat egin duten Haurreskolak Partzuergoko langileei, familiei, alderdi politikoei eta udalei. Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu!