2020ko abenduan bezala, 2021. urte-hasiera honetan LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deituriko greba-deialdiarekin bat egin dute Haurreskolak Partzuergoko langileek. EAEko Lan Sailak ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoek, eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak greba desitxuratzeko egindako ahaleginek ez dute langileen borroka geldiarazi eta %65eko jarraipena izan du gaurko grebak. Horretaz gainera, asko dira familiek eta hezkuntza-komunitateek helarazi diguten langileekiko eta haurreskolen proiektuarekiko atxikimendu-erakusketak.
Hurrengo asteazkenean, hilak 27, laugarren greba-eguna egingo dugu, eta mobilizazio batera deitu dugu Lakuako atarian, 11:30ean. Egoera konpondu ezean, prentsa-aurrekoan iragarri genuen bezala, greba eta mobilizazioekin jarraituko dugu otsailaren 22, 23 eta 24an, honako eskaera hauen defentsan:
- Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
- Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
- Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
- Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea, lanpostuak egonkortuz.
- Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
- Aurrekontua handitzea.
Eskertu nahi diegu, oztopo guztien gainetik, mobilizazioetan parte hartu duten edo/eta beren sustengoa adierazi diguten langile, familia eta udalei. Era berean, gogorarazi nahi dugu 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugula eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugula LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok.