2024-11-23
HomeIndustriaMetalgintzaIncoesako Enpresa Batzordeak enpleguaren defentsan eta ehun produktiboaren aldeko borrokan langileak bakarrik...

Incoesako Enpresa Batzordeak enpleguaren defentsan eta ehun produktiboaren aldeko borrokan langileak bakarrik daudela salatu du

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailarekin hainbatetan bilerak eskatu ondoren, atzo, batzartu ziren Incoesako langileak sail horretako kabinete tekniko batekin. Batzordearen arabera, greba mugagabean 262 egun daramatzatelarik, ez da nahikoa iraganean Incoesari eman zitzaion 2.000.000 euroko diru laguntzaren inguruko azalpen teknikoak ematea, baina lantegian enplegua mantendu ahal izateko helburuz biltzea erabaki zuten.

INCOESAKO ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA

"Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailarekin hainbatetan bilerak eskatu ondoren, gaur, azkenean, batzartu dira Incoesako langileak sail horretako kabinete tekniko batekin.

Zoritxarrez, greba mugagabean 261 egun bete ditugun honetan, eta Bediako lantegiko langile guztientzat enplegu etete espedientearen tramitazioa abian delarik, langileontzat ez da nahikoa iraganean Incoesari eman zitzaion 2.000.000 euroko diru laguntzaren inguruko azalpen teknikoak ematea. Gaur, uste dugu, azalpen hori gehiago beharko lukeela herritar zergadunei zuzendua, eurak direlako diru laguntza horiek, kaleratzeak egin eta ehun produktiboa suntsitzeko erabiliak direnak, ordaintzen dituztenak.

Edonola ere, langileok greba hasi genuenean egiten genuen apustuari eusten diogu: enplegua eta industria Bedian mantentzea. Eta helburu horrekin kabinete horretako arduradun politikoekin bilera bat egitea eskatu dugu, premiazko bilera, gure lantegian enplegua mantendu ahal izateko helburuz. Gerta daitekeen okerrena litzateke enpresa itxi, langileak kaleratu eta enpresak diru publikoak jasotzen jarraitzea. Honek agerian uzten du Jaurlaritzako kabinete desberdinetatik eman ditzaketen lerroburuetan esaten dutena esan, enpleguaren defentsan eta ehun produktiboaren aldeko borrokan langileak bakarrik daudela."

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.