2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakNafarroako AdministrazioaLABek UPNren Gobernuaren dimisioa exijitu eta kalera irteteko deia egin du

LABek UPNren Gobernuaren dimisioa exijitu eta kalera irteteko deia egin du

Hainbat enpresen alde Ogasunaren gainean Lourdes Goicoecheak egindako presioen berri jakin ostean, LAB sindikatuak UPNren Gobernuak berehala dimisioa eman eta hauteskundeak deitu ditzan exijitzen du.

Ildo honetan, LABek aipatutako helburuarekin antolatzen diren mobilizazio guztiekiko babesa adierazten du, hala nola une hauetan sare sozialetan dabilenari (gaur asteazkena 19:00etan UPNren egoitzaren parean). Era berean, sektore publikoko langileen asanblada bat antolatu du ostiral honetarako, hilak 14, 12:00etan Ogasunaren parean. Mobilizazioa beharrezkoa da.

Gaurkoa bezalako berriek, CANen dieten afera iceberg-aren tontorra besterik ez zirela erakusten dute: Nafarroako ondare publikoaren harpilaketaren aurrean gaude, Nafarroako Kutxan, Herri Lanetan, Osasungintzan edota Ogasunean bertan gauzatu dena. Ez dira gertakari isolatuak, lapurren mozkorraldia baizik. Lotsarik gabeko elite politikoa (UPN, PP eta PSN alderdiez osatutakoa) baliabide publikoen kontura aberastu da, elite enpresarialari mesede eginez, langileriari murrizketak inposatzen zizkion bitartean.

Goicoecheak dimisioa eman behar du: Ogasunaren buru izatea, otsoa ardien zaindari jartzea bezalakoa da. Baina hau ez da nahikoa: Gobernu osoak eman behar du dimisioa, Yolanda Barcinarengandik hasita, CAN eta dirukutxa publikoak hustutzeagatik, langileriaren kontura aberasteagatik, Nafarroa bankarrotaren ertzeraino eramateagatik.

Aldaketa bikoitza premiazkoa da Nafarroan: Gobernu aldaketa eta eredu aldaketa. Ustelkeria kasu ugariak iraganaren parte izan daitezen, Errenta Aitorpena egin ahal izan dezagun lapurtzen digutela sentitu gabe. Nafarroa hainbeste urtez odolustu duen Erregimen nafar-espainolarekin amaitu eta benetako demokrazia ezarri beharra dago, non geure etorkizunaren eta baliabide publikoen jabe izango garen, non langileriaren eskubide sozialak bermatuko diren.

Geure esku dago, usteleriaren kontra eta aldaketaren alde mobiliza gaitez!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.