2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakEusko JaurlaritzaJaurlaritzak beste lau urtez murrizketei, inposizioari eta propagandari eutsiko die langile publikooi...

Jaurlaritzak beste lau urtez murrizketei, inposizioari eta propagandari eutsiko die langile publikooi dagokienean

Atzo, Eusko Jaurlaritzaren menpeko langileon baldintzak arautzen dituen Mahai Orokorraren bilera egin zen Lakuan. Aurreko urteetakoekin alderatuta, nabaritu dugun aldaketa bakarra aurpegiak izan dira, bilera dinamikaren ezaugarria ez-negoziazioarena eta formalismo hutsa izan baitira.

LABen ustez, negoziaziorako gai zentrala izan beharko zen enpleguaren aurrean, Jaurlaritza Lan Eskaintza Publikoen asmoen informazioa ematera mugatu da, baina ostiralean dagoeneko prentsaren bidez ezagutu genituen. Aipagarria da hasiera batean bilera ostegunerako deituta zegoela, seguruenik komunikazio eta propaganda helburuei lotuagoa zegoelako negoziazio asmoari baino. Asmatutako zifrak eztabaidatzen itsutu baino, enpleguaren gaiari errotik behar bezala heldu behar zaio hasieratik, eta Jaurlaritzak azaldutako jarrera propaganda hutsarena izaten ari da.

Gobernuak aurkeztutako lan-kontratuko langile finkoentzako erretiro partzialaren planak eta igoera proposamenak murrizketekin jarraitzeko asmo argia adierazten dute. Langileoi urratutako eskubideak konpondu gabe mantendu nahi du.

Aurreko legegintzaldian gobernuak bere planak aurrera ateratzeko negoziazioa eta akordioak beharrezkoak zituen, baina uko egin zien, eta kaxoian gorde. Oraingoan, parlamentuan gehiengoa edukita ez du akordioren beharrik ikusten eta bere egitasmoak inposatzeko aukera probestuko du. Bitartean, “elkarrizketa” eta “negoziazio” hitzak etengabe errepikatuko ditu medioetan jendarteak sinetsiko dionaren ustean.

LABen aldetik bi aldarrikapen eraman dugu: erretirorako pizgarriak itzultzearena eta behin-behineko langileen egoera behingoz konpontzeko egonkortasun lege bat negoziatzea. Hau azken urteetan  eskatu izan dugu, eta bilerarako gai zerrendan sartzeko eskatu bagenuenere, bi gaiak “galde-eskaerak” delako atalean komentatzera mugatu behar izan dira.

Esan bezala, murrizketak eta Madrildik eta Lakuatik inposizioak datoz, eta langileon eskubideak babestu nahi baditugu, ezin dugu bilera mahai formal hutsetara mugatu. Gizarte zerbitzuetan, Irakaskuntzan eta Osakidetzan dagoeneko borrokan hasi diren bezala, aurrera pausurik nahi badugu gainontzeko eremu publikoetan ere mobilizazioei ekin beharra dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.