2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHaurreskolak Partzuergoko greba deialdiak erabateko jarraipena izan du

Haurreskolak Partzuergoko greba deialdiak erabateko jarraipena izan du

Haurreskolak Partzuergoko langileek bat egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuok egin dugun deialdiarekin, jarraipena %73koa izan da EAEko haurreskoleta. Lan Sailak ezarri dituen gehiegizko zerbitzu minimoak direla eta hainbat haurreskoletan plantila guztiari kendu zaio greba egiteko eskubidea, alegia bi hezitzaileko haurreskola guztiei, orotara 278 langileri. Gainera, Partzuergoko gerenteak, Zorione Etxezarragak, Dekretuak dioenatik haratago joan da gutxieneko zerbitzuen interpretazioarekin, greba desitxuratzeko helburuz. Oztopo guztiak gaindituta, hamarnaka kontzentrazio egin ditugu hiriburuetako deialdiez gain. Familia, herritar eta udal batzuen babesa ere jaso dugu hezkuntza zerbitzu publiko hau duina izan dadin.

Haurreskolak Partzuergoko langileoi greba dinamikarekin hastea baino ez zaigu geratu. Aipatu beharra daukagu eduki eta zentzurik gabeko bilera deialdiak egin dizkigula Zorione Etxezarragak. Gainera, greba bertan behera uztearen truke, mahai negoziatzaile bat deituko zuela esan zigun gerenteak, eta ostean abenduaren 22rako deitu du. Bertan, Jaurlaritzako ordezkariak egongo omen dira eta kudeaketako langileen aurreakordioa bakarrik lantzeko asmoa dute, sinatu zela ia urtebete igaro da eta hau ere ez dute bete.

LAB, Steilas eta ELA sindikatuok ez dugu mehatxurik ezta txantairik onartuko, eta Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta akordioak ez direla betetzen ari salatzen dugu. Gauzak honela, abenduaren 22ko iragarritako gai-ordenari aldarrikatzen ari garen puntuak gehitzea eskatu dugu, bertan landu daitezen. Honakoak dira:

– Ordezkapenak betetzea, hezitzaileen mugimenduekin eta aparteko orduen erabilera txarrarekin bukatzea.

– Sinatuta dauden akordioetatik abiatuko den lan-hitzarmen berriaren negoziazioa hastea, irakaskuntzako kolektibo guztietan Hezkuntza Saila egiten ari den bezala.

– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Covid 19arengatik norbera babesteko ekipamenduen horniketan ere Haurreskolak Partzuergoa sartzea. Haurreskoletan eguneroko gastuari aurre egiteko eta jarduera pedagogikoa garatzeko dirurik gabe gaudelako.

Gerenteak berak onartu du duen aurrekontuarekin ez zaiola heltzen eskatutakoak betetzeko, eta. ondorioz, hezitzaile eta kudeaketako langileen lan-baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jartzen ari dira. Gauzak horrela, LAB, Steilas eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzea ezinbestekoa dela azpimarratzen dugu. Jokin Bildarratzek du giltza gatazka honetan, horregatik, Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergoko lehendakaria den heinean dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza aldarrikatzeaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatzen dugu, baita Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea ere.

Egoeraren larritasuna eta Hezkuntza Sailaren utzikeria kontuan hartuta, egoera aldatu ezean abenduaren 16rako deitu dugun greba deialdiarekin jarraitzea baino ez zaigu geratuko. Haurreskolak Partzuergoko langileoi, familiei eta udalei zerbitzu publiko honen garapenerako aldarrikapenekin bat egitera animatzen diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.