2024-11-25
HomeEkintza SindikalaAstebetean bi garraiolari hil dira Araban

Astebetean bi garraiolari hil dira Araban

Atzo, hilak 25, garraiolari bat oso gaixorik topatu zuten Gasteizko parkin batean, ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. Gainera, azaroaren 18an, garraiolari bat topatu zuten hilik kabinaren barrualdean Araiako zerbitzu eremuan. LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoen senitarteko eta gertukoei.

Honekin gutxienez 63 langile hil dira lanean Euskal Herrian urte hasieratik, 15 Araban, eta horietatik 11 garraiolariak izan dira. Gainera, otsailaren 6tik, Joaquin Beltranek oraindik desagerturik jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek, askotan, ez dute lan-istripu nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik. Izan ere, nagusiki langile autonomoak edo ustezko autonomoak baitira, eta gainera, euren lan istripuak ez dira estatistika ofizialetan kontuan hartzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren.

Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartzen dituzte. Guzti hauei gehitu behar zaie muturreko tenperatura, errepideen egoera negargarria, eguraldia… Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituko dugu eta enpresa eta administrazio publikoei esparru honetan hobekuntzak eskatzen. Horrela, euskal gehiengo sindikaleko sindikatuekin batera, datorren astelehenean, azaroaren 30ean, kontzentrazioa egingo dugu Gasteizen 11:30ean, SEAren egoitza aurrean, Correos plazan. Bihar ere elkarretaratzea egingo dugu; kasu honetan, Nafarroan asteartean hildako langilea gogoan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.