2024-11-25
HomeEmakumeak "Azaroak 25: pandemiak Osakidetzan"

[IRITZIA] “Azaroak 25: pandemiak Osakidetzan”

Lurdes Barragan, Osakidetzako LABeko Emakume arloko arduraduna.

Osakidetzak %80 emakume ditu bere plantillan, gaur egun COVIDen aurka borrokatzen lehen lerroan, eta pandemia horri aurre egiteko behar bezala babestuta ez egoteaz gain, babesik gabe jarraitzen dute berdintasunaren aldeko borroka zahar honetan. Izan ere, gelditzen ez den bizitza honetan, dena ez da koronabirusa, hori eta konpondu gabeko betiko arazoak dira.

Baliabide eta langileen urritasuna eta lidergo eta antolaketa faltak lan-ingurunea gero eta aurkakoagoa bihurtzen ari dira.

Ez gobernatzen gaituena, eta are gutxiago Osakidetza, ez dira egon eta ez daude prestatuta errealitateari aurre egiteko: emakumeak bizitzari eusten, ordaindutako zaintzaren edo ordaindu gabeko zaintzaren mende dagoen bizitza horri. Zaintzen ez den kontu hori.

Erantzunkidetasuna edo kontziliazio-eskubidearen aldeko neurriak partxeatu egiten dira, eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala areagotzen baino ez dute laguntzen;  Osakidetzan, %24koa da emakumeen aurkako arrakala. Euskal enpresa publiko handieneko langileek babesgabetasuna pairatzen dute desberdintasunaren aspaldiko pandemiaren aurrean.

Enpresa honek ez du Berdintasun Planik. LAB hasieratik borrokatu da eta ekarpenak egiten aritu da, araudia betetzeko soilik ez den plan bat ateratzeko ahaleginean, hori bait da, zoritxarrez, ohikoena. Zirriborroek hainbat urte daramatzate trastelekuan, berrikusi eta baztertu egiten dira Berdintasun sailetik buruzagitza desberdinak igarotzen diren heinean; zirriborro bat han hemen… Osakidetzako Berdintasun Plana marmotaren egunarekin konpara dezakegu.

Komikoa izango litzateke, ez balitz izango gertaera horrek eta sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko protokolo espezifikorik ez izateak, beste gabezia batzuen artean, kasuistika onartezinak uzten dizkigulako, esate baterako, langileek salatutako jazarpenak egotea, epaitegietan ebazten diren bitartean, salatzaileek, oro har, beren lanpostua lekuz aldatzea eskatzeko prest dauden laneko baja hartzea eragiten dutenak, kasu askotan ustezko jazarleek beren lekuetan lasai lan egiten jarraitzen duten bitartean. Ez nahastu, ez da erruduna babestu behar, errugabetasun-presuntzioa babestu behar da!

Zer egiten du Osakidetzak? Nola babesten ditu salatzaileak? Bada, beti bezala: eskuak garbituz, inolako erantzukizunik bere gain hartu gabe, batzuetan auzibidean dagoela argudiatuz (nahiz eta barneko administrazio-prozesua geldiarazten duen, demandatuaren aurkako prebentzio-neurriak hartzeko aukera dago); beste batzuetan, berriz, gatazken-konponbide auzi gisa kudeatuz.

Urte luzez beste aldera begiratzeak sortutako amnesiak gertaera horiek beren antolaketan, egituran, gertatzen direla ahaztarazten die. Lankideen arteko gatazka gisa ezkutatzea indarkeria-mota hori EZ IDENTIFIKATZEA, EZ SALATZEA ETA HORREN AURKA EZ BORROKATZEA DA.

Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta sarriegi erakusten digu bigarrenaren pisua lehenarena baino handiagoa dela; izan ere, berdintasun-plana eta sexuagatiko indarkeriaren aurkako protokoloa edukitzeko derrigortasunari buruzko legeak ez betetzera ausartzen da. Baina gogorarazi nahi diegu, beste edozein enpresak bezala, jazarpen-jokabideak edo antzekoak prebenitzeko, egiaztatzeko eta zuzentzeko mekanismoak sortu behar dituela, eta ez lukeela etsipenera eraman behar jazarpen jarduerak salatu nahi dituen langilea.

Jokabide horiek gizartean sortzen duten alarma soziala eta Osakidetzaren ekintzarik ezak biktimei eragindako kalte morala salagarriak dira. Jakina, ezer gutxi espero daiteke berdintasunari buruzko prestakuntzarik gabeko zuzendaritza batean egituratutako erakundetik, hau da, berdintasunari buruz hitz egiteko lehenik desberdintasunei eta genero-indarkeriari buruz hitz egin behar dela ulertzeko gai ez den erakundetik. Ez da eredu bat gizartearentzat, ezta pazienteentzat ere. Eta ez dugu nahi infantilizatuko gaituen neurririk, horretaz arduratzen baita jada Eliza eta haren segizioa.

Noiz arte salatzailearen babesgabetasuna eta estigmatizazioa, tratu txarrak ematen dituenaren zigorgabetasuna, erru guztien gaineko administrazioaren absoluzioa?

Argi dago Berdintasun Plan bat edo hainbat protokolo izateak ez duela gizarte honetan egiturazko arazo bat konponduko, baina benetan lagungarria EZ dena da Plan eta potrokolo horiek ez edukitzea. Eta horiek ditugunean, aktibatu ditzagun, amaitu dezagun indarkeria eta diskriminazio mota guztiekin.

Nekatuta gaude beti gu eta gure bizitzak baino lehentasunezkoagoa den zerbait egoteaz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.