2024-11-25
HomeOsasungintzaOsasungintzaPediatriak eta Psikiatriak azpiegitura duinak behar dituzte Nafarroan

Pediatriak eta Psikiatriak azpiegitura duinak behar dituzte Nafarroan

Pandemiak eta pandemia dela medio Ospitalegunean dugun egoerak lotsagarri utzi dute Nafarroako osasun sistema, eta agerian gelditu da zenbait zerbitzuren azpiegiturak eskasak eta zaharkituak daudela,  hala nola Pediatria eta Psikiatria. Horregatik, LABek berriz ere eskatzen du premia larri horiei erantzuteko.

Datorren urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak adostu ondoren, zuzenketak egiteko unea iritsi da. LABek aukera aprobetxatu nahi du Ospitaleguneko azpiegituretan arreta jartzeko; bereziki Pediatria eta Psikiatria zerbitzuetan, azpiegitura espezifikorik ez dutelako edo zaharkituta daudelako.

Ospitaleguneko Pediatriako zainketa intentsiboen egoera larria da. Azpiegitura eta espazio egonkorrik gabe, pandemia honetan “inolako arazorik gabe” nonahi eta noiznahi birkokatu zitekeen komodina izan da. Egia da une honetan lehentasuna dutela pandemiak eta Covid-19agatik ospitaleratutako pertsonek, baina hori ez da aitzakia kolektibo horrekin arinkeriaz jokatzeko, talderik ahulenetako bat baita.

Planifikazio faltaren ondorioz (baita bigarren olatu honen aurrean ere), hainbat osasun zerbitzuk gainezka egin dute; horregatik, zenbaitetan, inprobisazioan jardun behar izan dute, batez ere Covidek ospitaleratutakoentzat ZIUko oheak prestatzeari dagokionez, kasu horiek larriagoak baitziren.

Kolektibo kaltetuenen artean ditugu ZIU pediatrikoa behar zuten adingabeak eta haien familiak. LABek urteak daramatza modulu horretarako azpiegitura eta espazio egonkorrak eskatzen. Eta orain, osasun krisia eta kutsatze oldea direla eta, inoiz baino nabarmenago geratu da eskaera historiko hori gauzatzeko beharra. Aski da adin txikiko ahulenak eta haien familiak zorabiatzeaz! Nahikoa da! Bukatu behar da Ospitalegunean eskaini beharko liratekeen zerbitzu horiek beste ospitale batzuetara bideratzea!

Horiekin batera, beste zerbitzu batean ere  jarri nahi dugu arreta: Psikiatria zerbitzuan. Zerbitzu honetako azpiegiturak erabat zaharkituta daude, eta ez daude gure langileen beharren eta prestakuntzaren mailan.

Horrela, bada, LABek eskatzen die Foru Parlamentuko kideei Nafarroako herritarren behar horiek kontuan har ditzatela eta, aurrekontu hauek ematen dieten aukeraren bidez, ekin diezaiotela azpiegitura duinak eta kalitatezkoak atontzeari, bai Pediatriako ZIUrako, bai Psikiatria zerbitzurako. Haien esku dago Nafarroako osasun sistemak aspaldian zuen kalitatea berreskuratzea; guk hemen proposatzen ditugunak aurrerapauso txikiak dira kalitate hori lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.