2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakSindikatuok greba dinamikari hasiera emango diogu Haurreskolak Partzuergoan

Sindikatuok greba dinamikari hasiera emango diogu Haurreskolak Partzuergoan

Hauxe da LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon oharra, gaur egindako greben erregistroaren harira osatua:

Aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta sinatuta dauden akordio desberdinak ez dituela betetzen onartu zuen Zorione Etxezarraga Partzuergoaren gerenteak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean pasa de astelehenean, hilak 16.

Gauzak horrela, ikasturte honetan oraindik mahai negoziatzailea deitu gabe jarraitzen dute, Hezkuntza saileko ordezkariaren zain dago gerente dugun Zorione Etxezarraga anderea, Bildarratzen Hezkuntza sailak albo batera utzi gaitu. Pazientzia agortu zaigu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskateaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu ditugu.

Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen eta akordio desberdinak ez dira betetzen ari, eta, ondorioz, haur hezitzaileon eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jarri dira.

Irakaskuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan lan-hitzarmen berrien negoziaziorako atea zabaldu denean, gurean oraindik aurrekontuek mugatuta gaude. Horrela, gure eskubideak zapalduta ikusten ditugu egunero eta, bitartean, Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergo publikoaren etorkizuna kolokan jartzen du.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu nahi dugu. Era berean, Zorione Etxezarragaren dimisioa eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena exijitzen ditugu: bada garaia Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua arduraz jokatzen hasi eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzen hasteko.

Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, haurreskoletako langileoi mobilizazioekin jarraitzea eta sakontzea beste biderik ez zaigu geratu. Momentuz abendurako bi greba-egun deitzea adostu dugula, abenduaren 10 eta 16an, honako aldarrikapen hauen baitan:

Haurreskolak Partzuergoaren gerenteari,
– Lan-hitzarmen eta akordio desberdinak berehala betetzen hasteko konpromisoa har dezala: desplazamendu gehiago ez gauzatu, aparteko orduen erabilerarekin bukatu, ordezkapenak bete, e.a.
– Hezkuntzako beste sektoreetan bezala, Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abian jartzeko konpromisoa.

Eusko Jaurlaritza eta Hezkuntza Sailari,
– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen NBEen horniketan Haurreskolak Partzuergoa sartzea
– Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza Sailean.
– Hurrengo urteko aurrekontua handitzea Legebiltzarrak eskatutako doakotasunean urratsak emateko, lan-hitzarmen eta akordioak bete ahal izateko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatu ahal izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.