2024-11-22
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHaurreskolak Partzuergoko gerenteak dimisioa aurkeztu dezala exijitzen dugu sindikatuok

Haurreskolak Partzuergoko gerenteak dimisioa aurkeztu dezala exijitzen dugu sindikatuok

Zorione Etxezarragak EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean hilaren 16an egindako adierazpenek eraman gaituzte ezinbestean erabaki hori hartzera: aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena eta akordioak ez dituela betetzen onartu du.

Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok (LAB, STEILAS eta ELA) Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskatzeaz gain, hezkuntza-eskubidea jaiotzatik aldarrikatu genuen, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu genituen. Ostean, Zorione Etxezarragak aipaturiko azalpenak eman zituen hilaren 16an batzorde berean. Agerraldi horretan argi esan zuen Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen eta akordio desberdinak ez dituela betetzen, horretarako diru nahikorik ez duelako. Ez da onargarria enpresa publiko baten kudeatzaileak horrelako adierazpen publikoak egitea. Pentsaezina litzateke, gainera, horrelakorik egitea gainontzeko irakaskuntza publikoko kolektiboetan. Dirua ez izateak ez dio arrazoia ematen: kalitatezko zerbitzua eta langileen eskubideak bermatzeko beharrezkoa den aurrekontua dagokion Sailean eskatzea da bere ardura gerente gisa. Haurreskolak Partzuergoaren egunerokotasuna, berriz, osatzen duten langileen profesionaltasun eta borondate onaren ardurapean geratu da, gerenteak bereak diren ardurak ahaztu duen eta administrazioa ezikusiarena egiten aritu den bitartean.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu nahi dugu, kalitatezko zerbitzu publikoa eta langileen eskubideak bermatu ahal izateko. Era berean, Haurreskolak Partzuergoaren aitortza politikoa, haurreskoletako langileen, haurren eta familien beharretara egokitutako politikak, eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena eskatzen ditugu.

Hortaz, EAEko Legebiltzarreko agerraldian egindako adierazpenengatik, Zorione Etxezarragari dimisioa aurkeztu dezala exijitzen diogu eta, Haurreskolak Partzuergoko Lehendakaria eta Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzi, bere erantzunkizuna asumitu dezala eskatzen diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.