Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin. Sindikatuok hala adierazi dugu Bilbon egindako agerraldian. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, eta herri sahararra ez dugula bakarrik utziko adierazi eta Sahararekin elkartasun euskal mugimenduak deitutako larunbateko mobilizazioekin bat egingo dugula iragarri du. Hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko herri eta hiriburuetan egingo dira protestak, 12:00etan.
LAB, ELA, STEILAS, ESK, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, CNT eta EHNE Bizkaia sindikatuon adierazpen bateratua:
Azaroaren 13an (ostirala), Marokoko Indar Armatuek nahita urratu zuten 1991tik indarrean zegoen eta gatazkan dauden bi aldeek adostutako Su-Eten Akordioa. Marokoko Erresumak indar militarrak bidali zituen Guerguerateko legez kanpoko pasabidearen ekialdera, hiru arrailen bidez, duela lau astetik bertan manifestazioak egiten ari ziren zibil sahararrengana.
Mobilizazio horiek 2001ean Marokok Guerguerat-en legez kanpoko arrakala ireki zuela salatzen zuten, Nazioarteko Zuzenbidea urratuz. Nazio Batuen oniritzia duen Bake Akordioan (1988) eta Marokoren eta Fronte Polisarioaren arteko akordio militarretan jasotzen den bezala, Marokoko harresi militarrean ezin da pasabiderik ireki.
Marokoko indarren erasoaldiaren aurrean, Fronte Polisarioak bidezko defentsa egin zuen saharar biztanleria zibila babesteko. Eraso honek Marokoko harresian zehar liskar batzuk hasi zituen, 29 urteren ondoren berpiztu den gerra bat deklaratuz.
Prentsaurreko honetan gaude sindikatuok hurrengoa adierazi nahi dugu:
- Herri sahararrarekiko eta haren legezko ordezkari den Fronte POLISARIOarekiko zalantzarik gabeko elkartasuna BERRESTEN dugu.
- Marokoko Erresumari egozten diogu 1991ko Su-Etena apurtu izana, eta eremuan sortu den eta Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunarekiko ERANTZUKIZUNA ere.
- MINURSO eta Nazio Batuak inguru horretan segurtasuna mantentzeko eta azaroaren 13ra arte modu baketsuan manifestatzen ziren saharar herritarrak babesteko gai ez direla ADIERAZI nahi dugu, bai eta azken 45 urteetan ezer egin ez dutela.
- Espainiako Gobernuari eskatzen diogu bere gain har dezala deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurralde ez-autonomoarekiko erantzukizuna, eta gida dezala, MINURSOrekin batera, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea AITORTZEN duen erreferenduma berehala egiteko ekimena.
- Era berean, herri sahararra bere kausa legitimoari irtenbidea bilatzeko bakea eta elkarrizketa nahi dituen herria dela azpimarratzen dugu. Herri nekatu, zapuztu eta gogaitu bati ezartzen zaion guda berri bat da hau, 45 urte hauetan bete gabeko hamaika promesa jasan behar izan dituena. Egun hauetan gertatutakoa, errespetatu gabeko konpromisoen eta Marokoko Erresumak Akordioei eta Nazioarteko Zuzenbideari, behin eta berriz, eragindako urraketen aurrean, nazioarteko komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri besterik ez da.
- Euskal Herria herri solidarioa izan da beti saharar herriarekin eta bere borrokarekin. Sindikatuak hala adierazi dugu ere askotan, eta beste behin ere, ez dugu herri sahararra bakarrik utziko eta bat egiten dugu sahararekin elkartasun euskal mugimenduak deitutako mobilizazioekin, hilaren 21an, 12:00tan, Euskal Autonomi Erkidegoko herri eta hiriburuetan.