2024-11-22
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako langileek aho batez erakutsi dute berriro gogaituta daudela

Osakidetzako langileek aho batez erakutsi dute berriro gogaituta daudela

Sindikatuon ohar bateratua (Argazkiak, LAB Osakidetzaren Twitter kontuan):

Gaur, SATSE, ELA, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE sindikatuok deituta, Bizkaiko Lehen Arretan eta Osakidetzako ospitaleetan protestak eta greba egiten ari dira lurraldeko zentro guztietan. Goizeko 11etan kontzentrazio masiboak egin dira lurraldeko zentro guztietan, eta horren adibide da Gurutzetako Ospitalean egin den kontzentrazioa.

Araban eta Gipuzkoan gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da lehen mailako arretan, eta, zalantzarik gabe, horrek agerian uzten du jasaten ari den gainezkatze sistematikoa eta langileen nekea. Nabarmentzekoa da osasun-zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetako langileen artean izaten ari den jarraipen masiboa. Gainerako kategoriek eta arreta mailek ere, gogor jarraitu dituzte lanuzteak.

Eta hori guztia, milaka langile greba eskubiderik gabe utzi dituzten gehiegizko zerbitzu minimo batzuekin. Izan ere, kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko ahalegin berri baten aurrean gaude. Horrez gain, salatu nahi dugu, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen dituela datuak; eta, greba egiteko aukera izan dutenen artean zenbatek parte hartu duen adierazi beharrean, plantilla osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin.

Deialdia egin dugun sindikatuok plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotu egiten da pandemiaren bilakaeraren ondorioz eta horren ondorioak, langileek ezezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Gogoratu behar da, birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan. Gaur egungo egoeran, lana modu esponentzialean biderkatu da eta inoiz baino beharrezkoagoak dira iristen ez diren errefortzu horiek.

Horren adibide argia da, berriz ere, kolapso egoera batera iritsi garela, eta egoera horretan ezinezkoa dela arreta-jarduera guztiari erantzutea. Hala, martxoan gertatu zen bezala, jada ezin da denera iritsi, eta horregatik hasi dira programatutako edota presazkoa ez den ohiko arreta atzeratzen. Gure kezka azaldu nahi dugu neurri horien aurrean; izan ere, Covid 19az bestelako patologien arretan, etengabeko atzerapenak gertatzen ari dira. Atzerapen horiek ondorio larriak izan ditzakete herritarrentzat, eta, zalantzarik gabe, agerian uzten dute gure osasun-sistemak, gaur egungo berragerraldiaren aurrean, ez daukala baliabide nahikorik herritarren arreta-beharrei erantzuteko.

Egoera larria izanik, eta Araban eta egindako greba-deialdien arrakastaren ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan deialdia egin dugun sindikatuokin: ez dugu dei bakar bat ere jaso. Komunikabideen bidez neurri batzuen berri dugu, eta salatu nahi dugu, ohikoa den bezala, Eusko Jaurlaritzaren aldetik erabateko opakutasuna eta informazio falta dagoela. Era berean, ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenei buruz, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrunetik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.